2024-11-25
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaBigarrenez geldiarazi dugu informatika zerbitzuak pribatizatzeko Osakidetzaren saiakera

Bigarrenez geldiarazi dugu informatika zerbitzuak pribatizatzeko Osakidetzaren saiakera

Osakidetzan Informazio eta Komunikazio Teknologietarako (IKT) proiektuetarako bulego bat sortzeko pleguan jasotzen den informatikako lanak kanpora ateratzeko bigarren saiakera kautelaz gelditu du LABek.

Joan den ekainean, LAB sindikatuak Osakidetzan IKT proiektuetarako bulego bat sortzeari lotutako lanen kanporatzea geldiaraztea lortu zuen. Kanporatze horrek gutxienez 22 lan-kontratu dakartza eta 11.000.000 eurotako kostua.

Orduan salatu genuen bezala, kanporatze hori, bere lehen saiakeran, ez zegoen kontratazio publikoaren legeak ezartzen duen moduan justifikatuta LABen zerbitzu juridikoentzat. Eta hori izan zen, hain zuzen ere, kautelazko geldiaraztearen aurrean eta gure salaketa ezagututa, Osakidetzak prozedura bertan behera uztearen arrazoia. Lan horiek 11.000.000 euroko balioa zuten.

Abuztu betean, bigarren saiakera bat egin zuten, eta plegua ia berdina dela egia den arren, aldaketak plegu horren lehen mailako eta jatorrizko gaietan eman dira batez ere: justifikazioan.

Bigarren ahalegin honetan, Osakidetza, lan horiek kanpora ateratzea euren “konplexutasunagatik” dela arrazoitzen saiatu da. Arrazoi hori hutsaren hurrengoa da, Osakidetzak badituelako espedientean eskatzen diren lanak egiteko gaitutako lanbide-profilak. Osakidetza, gainera, haratago doa konplexutasun handiko lan horiek zehaztuz: datu handien ezagutza, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, cloud, etab.

Ezagutza horiek guztiak ingeniari informatiko bati dagozkionak dira, Osakidetzako plantillaren parte den profil- profesionala hain zuzen ere. Baina hori gutxi izango balitz, konplexutasun handiko lan horiek, kategoria horretarako lan-eskaintza publikoetan eskatzen diren gaitegietako parte diren ezagutzak dira. Beraz, eskaintza horiek bulegoa sortzeak eskatzen dituen trebetasunekin bat datorren jendea hautatzeko moduan diseinatuta daude.

LABek ez du zalantzan jartzen lan horien konplexutasuna. Izan ere, kualifikazio handiko lanak dira, baina Osakidetzak, hain zuzen ere, ezin du justifikatu lanak kanpora ateratzea konplexuak direlako, erakundeko profesionalok konplexutasun handiko lanak egiten baititugu egunero. Justifikazio hori baliozkoa balitz, Osakidetzako plantillak gaur egun egindako edozein lan kanporatu liteke, horretarako gaitutako langileak izan arren.

Plegu hori bigarrenez gelditzea lortu dugu, oraingoz kautelaz, harik eta organo eskudunak egoera zehatza aztertu arte. Egoera honek Osakidetzak egitura nahikoa duten lanak kanpora ateratzeko egin duen apustu irmoa agerian uzten du. Gogorarazi behar dugu Osakidetzan informatikako zuzendariordetza bat dagoela, eta horri dagokiola lan horiek koordinatzea, dagozkion kontratazioak egitea eta enpresa pribatuak diru publikoarekin aberasteko agiriak ez idaztea, oraingo honetan Europako “Next Generation” funtsetatik datorren diru publikoa.

Idatzitako pleguen arabera, lan horiek 23 lanpostu sortuko lituzkete Osakidetzan, baina nahiago dute kanpoko enpresei 11.000.000 euro ordaindu.

Osakidetzako kategoria batzuk Jaurlaritzaren pribatizazio-ekintza eta estrategiaren erdigunean daude duela urte asko, eta helburua da horiek Osakidetzaren ekosistematik desagerraraztea: mantentze-lanak, informatika, sukaldeak, garbitegiak, anbulantziak etab.

LABek ez du onartuko hori gertatzen jarraitzea halako inpunitate mailarekin, profesionalekiko mespretxuarekin eta maltzurkeriarekin. Horregatik, langile guztiei dei egiten diegu apurka-apurka eraispen-estrategia etengabe eta planifikatu horren aurrean erantzuteko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.