2024-11-22
HomeEkintza SindikalaArcelorrek beste urrats bat eman du urte luzeetan egin duen Aldi Baterako...

Arcelorrek beste urrats bat eman du urte luzeetan egin duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espendientearen erabilera interesatuan

Atzo egindako bileran, 2023 urtearen bukaera arte luzatuko den Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) aurkezteko aitzakiak azaldu zizkigun langileon ordezkariei.

Aspalditik heldu da Arcelorrek ABEEEn erabilera interesatua egitearen jarrera. 10 urtez luzatutako ABEEEa horren adibide dugu. Inongo lotsarik gabe beraientzako malgutasun tresna bat dela adierazi izan dute. Oraingoan, norabide horretan beste urrats bat eman du eta malgutasun tresna izatetik espekulazio tresna izatera pasa da.

Lan zama arazorik ez eta 2021. urtean 13.000.000.000 eurotako onurak eta 2022ko lehendabiziko hilabeteetan errekorreko irabaziak ere izan dituen enpresa batek urte bat baino gehiago luzatuko zen ABEEE baten erabilera mahaiaren gainean jartzea lotsagarria baino gehiago da. Eta beste behin ere, lantegi bakoitzeko errealitatea kontuan hartzetik urrun, estatu mailako negoziaketa bat da planteatu dutena.

Esan beharra dago ere ABEEEn erabilera mota hau ez zela egin ahal izanen lan erreforma eta erreformaren erreforma kaxkarrei esker izango ez bazen, UGT eta CCOOk modu triunfalistan saldu zutena.

Guzti honen aurrean LABek posizio garbia du, ez gara joko horretan sartuko, langileok ez gara enpresaren tresnak, ez gaituzte erabiltzen ahal nahi dutenean altzairuaren edota energiaren prezioaren arabera, are gutxiago, esan bezala, urtez urtez errekorrezko onura ekonomikoak pilatzen ari direnean.

Aski dela esateko garaia da, ez dugu onartuko langileokin espekulatzea berriro ere, eta horretarako gure eskuetan dauden tresna guztiak baliatuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.