2024-11-25
HomeEkintza SindikalaProtestak eta lanuzteak antolatu ditugu Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren aurkako inpugnazioaren epaiketa...

Protestak eta lanuzteak antolatu ditugu Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren aurkako inpugnazioaren epaiketa dela-eta

Heldu den irailaren 28an, asteazkenarekin, hasiko da Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. Sindikatu honen iritziz, hitzarmenaren bultzatzaile nagusia den aldetik, inpugnazioak sektoreko langileen lan baldintzak arrisku larrian jartzea dakar, hainbat hamarkadatan erakundeek abandonuan utzi eta soldatak pobretu ondoren. Horregatik, LABek protestak eta lanuzteak antolatu ditu irailaren 21erako eta 28rako.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenagatik deus ez egiteaz gain, duela zenbait hilabete epai bidez salatu nahi izan zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin honen protagonistak. Bada, enpresa-erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko. Ez da zapaltzen utzi behar.

Rosa Parksek erran zuen “zenbat eta gehiago obeditu, orduan eta okerrago tratatu gintuzten”. Horregatik matxinatu ziren Esku-hartze Sozialeko langileak ezarri nahi zieten prekaritatearen kontra, eta ahalegin handiz lortu zuten lehenbiziko sektore-hitzarmena. Orain tokatzen da defenditzea.

Epaiketaren hasiera dela-eta, LAB sindikatuak protesta-ekintza batzuk antolatu ditu, eta langileak, gertukoak eta herritarrak horietan parte hartzera animatzen ditu:

  • Irailak 21
    • 10:00 elkarretaratze zaratatsua Iruñea, Gurutze Gorriaren aitzinean
  • Irailak 28, epaiketa eguna:
    • Sektoreko greba, lau ordukoa: 10:00etatik 14:00etara
    • 10:00 elkarretaratzea Iruñean, Caritasen aitzinean
    • 11:00-13:00 elkarretaratzea Iruñean, (in)Justizia Jauregiaren aitzinean
    • 12:00 juicio

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.