2024-12-19
HomeIndustriaArte GrafikoakLau greba egun deituko ditugu Gipuzkoako grafikagintzan, ADEGIk blokeatuta duelako negoziazio mahaia

Lau greba egun deituko ditugu Gipuzkoako grafikagintzan, ADEGIk blokeatuta duelako negoziazio mahaia

ADEGIk blokeatuta du grafikagintza sektoreko negoziazio-mahaia. Honen aurrean, sektoreko langileok mobilizazioetara eta grebara joatea beste erremediorik ez dugu. Horrela, sektoreko lehen indarra den LABek, lau greba deituko ditu Gipuzkoako grafikagintzan: irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. Era berean, irailaren 16ean elkarretaratzea egingo du 11:00etan, Tolosako SAM enpresaren aurrean eta 20an Elduaienen, 11:00etan, CORENSOren aurrean.

Azken bilera maiatzean izan zen eta hartan patronalak soldata igoera oso eskasak proposatu zizkigun, eta gainerako edukien inguruan ere, inolako aurrerapenik eskaini gabe.

Hauxe da ADEGIren azken proposamena: 4 urtetako iraupena eta soldatei dagokienez, % 3ko igoera 2022rako; KPIaren igoera 2023rako, % 2ko mugarekin; KPIaren igoera 2024rako, % 1eko mugarekin eta KPIaren igoera 2025erako, % 1eko mugarekin.

Soldata hauek ez dute inondik inora sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen, are gehiago langileon poltsikoetan bizitzaren garestitzea nabaritzen ari garen honetan.

Horregatik, argi dugu patronala mugitu nahi badugu eta gure hitzarmenean hobekuntzak lortu nahi baditugu, hau da sektore osoa kalera irten eta bizi dugun egoera salatu behar dugun unea. Bestela, inolako hobekuntzarik gabe jarraituko dugu, eta hitzarmena erabat blokeatuta.

Borrokatzeak beti merezi duelako, dei egiten diegu sektoreko langileei greba eta mobilizazioetan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.