2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaAltxa #m17|an Lanbide Heziketako prekarietatearekin amaitzeko!

Altxa #m17|an Lanbide Heziketako prekarietatearekin amaitzeko!


Datorren martxoaren 17an, Ikasle Abertzaleak, Ernai gazte antolakundeak eta LABek deituta, baterajotze nazionala egingo dugu Lanbide Heziketan ikasten ari diren gazteek bizi duten egoera larria azaldu eta gutxi batzuen interesak asetzeko gazte askoren hezkuntza eta praktikaldiak prekarizatzen dituztela salatzeko.

LANBIDE HEZIKETAko ikasleok lan munduan eta praktikaldietan pairatzen dugun egoera ezaguna da guztiontzat eta askotan salatu izan dugu. Krisiaren aitzakiarekin patronala bere abantailazko posiziotik, esplotazio eredu gupidagabea inposatzen ari da, gazteak kaltetuenak garelarik (enplegu prekarioa eta aldibaterakoa, kontraturik gabe, langabezia altua…). Sistema honek gazteak prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaitu, gure etorkizunaz erabakitzeko aukera lapurtuz, edota enplegua lortzeko emigratzera behartuz.

Lanbide Heziketetan ikasten ari garen gazteok bizi dugun egoera oso larria da. Gutxi batzuen interesak asetzeko gutako askoren hezkuntza eta praktikaldiak prekarizatzen dituzte, ikasle akritiko, sumiso eta sistema esplotatzaile honen biziraupena bermatzeko tresna bilakatuz.

Egoerari buelta eman behar zaiola, eta emango diogula argi daukagu: horregatik martxoaren 17an egingo den baterajotze nazionalean, hainbat neurri har daitezela exijituko dugu: Bilboko kaleetatik Iruñera, edota Laudioko kaleetatik Tolosara. Helburua, praktikaldiak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera antolatu ordez, gazte eta langileon mesedetara egotea izanik.

• Lanpostu desberdinetan formazio integrala jasotzea. Praktikaldiak hezkuntza prozesuaren parte dira eta ez enpresetan lanpostuak gurekin kubritzeko. Ikasteko eta gure formazioan sakontzeko egin behar ditugu praktikak, beraz lantokian gure errotazioa eman behar da lanpostu desberdinak ezagutu eta hauetan trebatzeko. Eta noski, gure praktikaldiak ezin dira izan enpresek egin beharreko kontratazio berriak aurreztu eta gurekin betetzeko. Gure lan praktikak ez dira lanpostuak ordezkatzeko.

• Gure praktikak ezin zaizkigu koste bilakatu. Horregatik, praktika garaietan egin beharreko bidaiak eta lanpostuaren erruz etxetik kanpo bazkaltzeko egoerari erantzun behar zaio. Hau da, bidaia eta dieten ordainketa ezin dira ikasleon gain geratu.

• Esan bezala, praktikaldia hezkuntza prozesuaren baitan ulertzen dugu. Honek ez du kentzen lantokiko beste langile bat bezala produzitzen ez dugunik. Eta soldatarik izango ez bagenu ere, gure lan orduak segurtasun sozialean kotizatu beharko lukete.

Martxoan kaleak hartzeaz gain, praktika guneetan burutzen ari garen enpresen balorazioa eta zerrenda beltzak ere gure lan eta praktika baldintzak hobetzera begira presio mekanismo bat izan behar dira, enplegu eta hezkuntza sailek patronalari mesede egin baino, ikasleon eta oro har langile eta herri sektoreon aldeko politikak sustatzeko eta prekarietatearekin amaitzeko.

Honengatik guztiagatik aterako gara martxoaren 17an kalera: kapitalaren mesedetan eta herritarron baldintzen prekarizazioan sakontzen duen erreforma bat gehiago ez dugulako onartuko, baina gaur egun ditugun baldintzak ere ez! Beraz, deia egiten diogu Lanbide Heziketetako ikasle orori, aldarrikapen hauek aurrera eraman eta herritik eta herriaren mesedeetara egingo den eredu baten eraikuntzan pausuak emateko!

Martxoaren 17an kalera!
Altxa, prekarietatearekin amaitzeko!!

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.