Hilabete luzeak itxaron eta gero –EAEn den EPE prozesurik luzeen eta korapilatsuenean- Osakidetzak astebete eskaseko epea ezarri die gainditu duten pertsonei euren merituak egiazta ditzaten. Aurreikuspenik eza hain nabarmena da, ezen Basurtoko Ospitalean bertan atzo merituak egiaztatzea ezinezko izan baitzen zentroko pertsonal arloa ez zegoelako horretarako prest.
Epe laburraz gain, izangaiei eskatzen zaien prozesu oso konplexua da: lehenengoz datuak idatzi behar dituzte interneten bidez eta gero, paperezko orri bat modu presentzialean aurkeztu eta erregistratu.
Honek guztiak, berez oso korapilatsua den bidea are gehiago konplikatzen die Osakidetzako EPEotan parte hartzen dutenei. Zein da oztopo hauen guztien helburua eta arrazoia? Osakidetzaren asmoa prozesutik at klabe, epe eta eskaeren labirintoan galdutako ehunka izangai uztea al da? Hori bai, tasak ordainduta daudenean.
Bestalde, ezin ahaztu aurreikuspen eta langile zein baliabide materialen gabeziak pertsonal saileko langileei eragiten dien gain lan karga eta estres egoera, ezintasunetik abiatu behar direnean zalantzek eta nerbioek jota hurbiltzen diren milaka pertsonei arreta eman behar dietenean.
Honekin ondoriozta dezakegu Osakidetzako EAJren kudeatzaileek egoera hauei aurre egiteko daukaten gaitasun falta.