2024-11-22
HomeKlausula SozialakAzpikontratatutako zerbitzuetan klausula sozialak ezar daitezen aldarrikatzeko kanpaina martxan da Nafarroan

Azpikontratatutako zerbitzuetan klausula sozialak ezar daitezen aldarrikatzeko kanpaina martxan da Nafarroan

Azken hamarkadetan pairatutako pribatizazio prozesuari buelta emateko, LABek bi ildo planteatzen ditu: batetik, egiturazko zerbitzuen publifikazioa; bestetik, azpikontratatuta jarraitzen duten zerbitzuetan klausula sozialak ezartzea. Bigarren helburu honi erantzuteko asmoz, LABek kanpaina bat martxan jarri du, Udal nagusiei nahiz Nafarroako Parlamentuari klausula sozialak aplikatu ditzaten eskatzeko. LABek azpikontratatutako langileen sinadurak jaso eta Udal nahiz Parlamentuan aurkeztuko ditu.

Pasa den urtean ELA sindikatuak herri ekimen legegilea aurkeztu zuen eta talde parlamentarioekin aldaketa legal bat adostu zuen. Zoritxarrez, aldaketa hori motz geratu zen: batetik, ez ditu azpikontratatutako langile guztiak babesten, gutxiengo bat baizik. Langile gehienek “obra edo zerbitzuen kontratazioa” formularekin diharduten azpikontratetan egiten dute lan, zerbitzu gutxi batzuk (esaterako, 0-3 urteko eskolak) “zerbitzuen kontsezioa” formularekin diharduten bitartean. Lege aldaketak azken hauei baino ez die eragiten. Bestetik, ez ditu klausula sozial guztiak jasotzen. Subrogazioa eta hitzarmen sektoriala betetzeko derrigortasuna aipatzen ditu, baina ez dio debekatzen enpresari hitzarmenetik deskolgatzeko prozedurari ekiteko aukera. Bestalde, ez ditu irizpideak finkatzen aukera berdintasuna, lan osasuna eta bestelako neurri sozialak bermatzeko. Lege aldaketa honen mugak agerian geratu dira, duela gutxi, Nafarroako Artxibo Nagusian. Azpikontratatutako langileak kale gorrian geratzeko arriskuan egon ziren, pliegoetan ez baitzen subrogazioa jasotzen; “obra edo zerbitzuko kontratazioa” zenez, ez zion lege aldaketak eragiten. Ekintza sindikala martxan jarri eta greba deialdia egin behar izan zuten, Nafarroako Gobernuak pliegoetan subrogazioa txertatu zezan lortu arte.

Arrazoi honengatik, LABek "klausula sozialak %100. Denak, denontzat" kanpaina martxan jarri du.

Klausula sozialen %100 honako hauek dira:

– Enpleguan egonkortasuna bermatzeko subrogazioa.
– Zeure lan baldintzak okertu ez daitezen hitzarmena betetzeko derrigortasuna
– Langileen esplotazioaren bidez etekinen tartea handitu dadin eragozteko lan kargaren araberako plantilla bermatzea.
– Bajan edo oporretan dagoen lankidearen lana besteen gain eror ez dadin ordezkapenak ziurtatzea.
– Sexu, arraza, ideologia nahiz afiliazio sindikalaren araberako diskrminaziorik ez kontratazioan. Desgaitasunak dituzten pertsonen kontratazioa.
– Kontratuak zerbitzuaren kostuaren azpitik egiten ez direla bermatzea, zerbitzuaren nahiz langileen kaltetan jaisten baitira prezioak.
– Lan arriskuen prebentzioari dagokionez administrazioak ardurak hartzea, gai honen gaineko ardura ez dadin zintzilik geratu.
– Nafarroako bi hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilpena bermatzea.

Langileen %100 honako hauek dira:

– “Zerbitzuen kontsezioa” formularekin diharduten azpikontratetako langileak.
– “Obra edo zerbitzuen kontratazioa” formularekin diharduten azpikontratetako langileak.

LABek azpikontratatutako langileen sinadurak jasoko ditu, udal nagusietan nahiz Nafarroako Parlamentuan aurkezteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.