2024-12-20
HomeEkintza PolitikoaBizitzaren garestitzearen aurrean ez dugu langileak babesteko neurririk ikusten, partxeak baizik

Bizitzaren garestitzearen aurrean ez dugu langileak babesteko neurririk ikusten, partxeak baizik

Langileontzat bizitzaren garestitzeak ez du etenik Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian azken hilabeteetan inflazio-indizeek azken 30 urteetako baliorik altuenak hartu dituzte. Argindarraren prezioaren igoera bizkorra bizitzen ari gara eta oinarrizko elikagaien prezioak ere gorantz doaz etengabe, hala nola, ogiaren prezioa ( %6,5 igo da), arrautzena (%11 garestiago) eta olioarena (%32 garestiago). Estatuek eta enpresa-oligopolioek sortu duten krisiari ematen zaion erantzunarekin bizitzaren garestitze orokorra eta, ondorioz, bazterketa soziala areagotzen ari dira.

Hori gertatzen ari da finantza erakundeak eta energia enpresak euren irabaziak handitu eta handitu ari diren bitartean: Iberdrolak 3.900 milioi euro irabazi zituen 2021ean (2022ko lehen sei hilekoan %36ko igoera izan du), Endesak 1.900 milioi euro, Naturgyk 1.214 milioi euro, Bpk 6.615 milioi euro; Repsolek 2.539 milioirekin, iazko irabazkiak bikoiztu ditu aurten. BBVAk 3.001 milioiko irabaziak izan ditu lehen seihilekoan, iazko irabaziekiko %57ko igoera alegia, eta Kutxabankek 163,2 milioi, iaz baino %30 gehiago.

Euskal Herrian ere langile eta herri sektoreon eskubideen galera progresiboa ematen ari da; energiaren afera, aipatu bezala, adierazgarria da. Eta negurako aurreikuspenak ez dira hobeak. Langile askok eta askok zailtasunak izango dituzte neguan elikatu, alokairua edo hipoteka ordaindu edo berogailua pizteko.

Bizimoduaren garestitzea ez da koiunturala. Kapitala etengabe berrantolatzen ari da, herri-sektoreen eskubideak ukatuz, lurraldeak arpilatuz, eta herriak desjabetuz, herrion burujabetza ukatuz. Horren isla da gurean gertatzen ari dena ere. Ez da kontsumo eta garapen eredua zalantzan jartzen, eta larrialdi ekologikoari erantzun egokia emateko baino, enpresetara bideratzen ari dira diru publikoa, baldintzarik gabe.

Eusko Jaurlaritzatik zein Espainiako Gobernutik sustatzen ari diren talka-neurriak (asteon iragarritakoak azkenak) ez dira, esaten duten moduan, langileak babesteko neurriak, partxeak baizik, sakoneko egoerari heltzeko bokaziorik gabeak. Ez diote aberastasunaren birbanaketaren eztabaidari heltzen.

Pedro Sanchezen Gobernuak aurkezturiko neurriak koiunturalak dira eta ez dute oligopolio energetikoaren eta bankaren boterea zalantzan jartzen.

EAJren Gobernuari dagokionean, berriro kontzertu ekonomikoa CONFEBASKen interesak zaintzeko erabiltzen duela erakusten digu. PFEZa moldatzeko planteatu dituen neurriak ez dira progresiboak, ez dute inflazioaren gorakadak langileoi eragindako eros ahalmenaren galera bere osotasunean kontuan hartzen. Kontzertu ekonomikoak aukera ematen du bestelako zerga politika bat egiteko, kapital errentak gehiago zergapetzeko eta irabazi enpresarialak zergapetzeko, aberastasunaren banaketa justuagoa sustatzeko, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Horri uko egiten dio, patronalaren interesak zaintzea du helburu EAJren Gobernuak, eta eskuineko alderdiak eskatzen ari diren politikak bere egiten ditu, eta hala, langileak presionatzen ditu soldaten eros ahalmenaren galera edo lan baldintzak kaskartzea onar ditzaten.

Gauzak horrela, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

-Politika publikoen norabide aldaketa. Langile klasearen eta herri-sektoreen interes eta beharrak lehenestea.

-Aberastasunaren birbanaketa sustatzea, natura eta pertsona ustiatzen dituen sistemaren ordez bizitza erdigunean jarriko duena, aberastasuna, zaintza-lanak eta enplegua banatuz.

-Euskal Herrian lana eta energiaren produkzioa, banaketa eta kontsumoa antolatzen duen eredu sozioekonomikoaren aldaketa erradikala. Sektore energetikoaren eta finantza erakundeen kontrol publiko eta soziala, energia eskubide bat izan dadin eta ez merkantzia. Energia burujabetzan aurrera urratsak emateko burujabetza politikoa, honekin lotura duten eremuetan aurrera urratsak. Hori guztia hemen, Euskal Herrian posible egitea, burujabetzaren bidetik.

-Aurreko puntuetan jasotakoak garatzeko bidean, trantsizio ekosozialista eta feminista, lehentasunezko gai hauek oinarri: erabakitzeko eskubidea, gehiengo sozialen prekarizazio eta pobretzearen arrazoi egiturazko eta sistemikoei aurre egitea, lan guztien aitortza eta banaketa, pentsio duinak bermatzeko sistema propioa eta euskal zaintza sistema publiko- komunitarioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...

LABek salatu du Bizkaiko aurrekontuak ez direla pribatizatutako zaintza langileek behar eta merezi dituztenak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileak langile publikoak dira. Zerbitzu publiko bat ematen dute, eta horren erantzukizuna eta titulartasuna administrazioei dagokie. Bizkaian 10.000 langile baino gehiago dira...

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.