2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaOngi etorri Arnaldo! Rafa eta preso guztiak etxera ekarri behar ditugu

Ongi etorri Arnaldo! Rafa eta preso guztiak etxera ekarri behar ditugu


Gaur asteartea, kondena oso osorik beteta, askatasuna berreskuratuko du Arnaldo Otegik. Larriki gaixorik dagoen Lorentxa Gimon ere gaur askatuko dute. Ezer baino lehen gure ongi etorria eta besarkadarik beroena helarazi nahi dizkiegu. Momentu hauetan, bereziki gogoan dugu oraindik preso dagoen Rafa Diez eta lehen egunean egin bezala bere askatasuna exijitzen dugu.

Sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkio Otegiri, beste auzipetuekin batera, zer eta haien delitu bakarra izan denean Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea. 

Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Gaur, 6 urte geroago, bereziki gogoan dugu Rafa Diez, gure idazkari nagusi ohiak egindako ekarpena, langile zapalkuntza gainditzeko proiektu politiko berri baten bidean. 

Sindikatu independentista gara, hark ereindako haziak sindikatuan bizi-bizirik diraute. Euskal gatazka politikoaren superaziorako konpromisoan berresten gara eta herri honek behar duen konponbide demokratikorako baldintzen alde lanean jarraitzen dugu. 

Bake eta gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko askatu beharreko korapilo ugari geratzen da oraindik: Bateragune auziarekin amaitzea, martxan diren auzi politiko guztiak bertan behera geratzea eta presoen afera konpontzeko guztiak etxeratzea. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko. 

LABetik ere, Rafa Diez eta gainontzeko preso politikoen askatasuna eskatuko dugu. Ingerentzia politiko guztien gainetik, herri honek bere bidea egin dezan, mobilizatzera dei egiten diegu langile guztiei ere. 

LABeko kideei eta langileei orohar dei egiten diegu datozen egunotan deitu diren ekitaldietan parte hartzera.

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.