2024-12-19
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaInformatikako bere zerbitzuak ere pribatizatu nahian dabil Osakidetza

Informatikako bere zerbitzuak ere pribatizatu nahian dabil Osakidetza

LAB sindikatuak kontratu-errekurtsoen organoan aurkeztutako errekurtso batekin geldiarazi egin du, kautelaz, Osakidetzak azpikontratatu nahi zuen informatikako bulego teknikoaren proiektua. Azpikontratazioak urtero 2.000.000 euroko kostua izango luke, nahiz eta Osakidetzak baduen lan horiek egiteko gai den pertsonala informatika zerbitzuan.

Osakidetzako informatika proiektuen kudeaketa egin asmoz lizitazioa martxan jarri zuen Osakidetzak, lan hori kanpoko enpresa baten utziz. Azpikontratazio honek urtero 2 miloi euroko kostua izango luke, plegu teknikoetan ageri den informazioaren arabera. Diru publikoaren xahuketa larria izateaz gain, Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatu eta azpikontratatzeko bidean beste urrats bat baino ez da honakoa. Sagardui sailburuak adierazitako kultura aldaketa delakoaren barnean beste pauso bat.

Informatikako zerbitzua Osakidetzaren desegite-politiken biktima izan da aspalditik. Honen ondorioz, zerbitzu publikoaren egitura hustutzeaz gain, lan informatiko hauek egiten dituzten langileek lan baldintza erabat prekarioak dituzte gaur egun.

LAB sindikatuak lizitazio horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen duela aste batzuk kontratazio horiek ebazten dituen organoan, eta organo horrek erabaki du kautelaz geldiaraztea. Gogoratu beharra dago beste kasu batzuetan ere, Araba ESIko mantenu zerbitzuen azpikontratazio proiektuaren kasuan adibidez, KEO/OARC-k LAB sindikatuari eman izan diola arrazoia, eta azpikontratazioa ez dela bidezkoa ebatsi duela.

Aipatu beharra dago ere Osakidetzaren azpikontratazioen onuradunak diren enpresa pribatuak sarritan, kasualitatez, EAJko kideak buru dituzten enpresak izaten direla. Egoera hau are eta nabarmenagoa izaten da informatika alorreko enpresei dagokionez. Hainbat informatika enpresa sortu, elkartu, desegin, bersortu… egiten dira Osakidetzaren informatika zerbitzu pribatizatuen inguruan, baina, aldaketak aldaketa, enpresa hauetako buru gisa, eta hortaz pribatizazioen onuradun gisa, agertzen diren pertsonak sarri askotan berdinak izaten dira.

Osakidetzako zuzendaritzari eta EAJko eta PSEko Gobernuari eskatzen diegu osasun publikoa eraisteari uzteko. Mahai gainean dauden erronkei konponbidea aurkitzeko plantilla nahikoa izatea bermatu behar da, eta baita langilegoaren parte-hartzea ere. Kalitatezko osasungintza publikoaren defentsan pribatizazioaren bidea indar guztiz borrokatu eta geldiarazten saiatuko da LAB sindikatua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.