2024-11-22
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako eraikuntzako langileentzat hitzarmen on bat #LortuDugu

Gipuzkoako eraikuntzako langileentzat hitzarmen on bat #LortuDugu

Negoziaketa guztiaren zehar patronalak kontrakoa esan badu ere, eta oso zaila zirudien arren, azkenean, beste gauza batzuen artean, KPIa bermatu eta lanaldia murrizten duen adostasun batera ailegatu gara Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenean. Batasun sindikalaren eta grebaren inguruan egindako planteamenduak emaitzak ekarri ditu.

Esan behar da zazpi hilabetez luzatu den negoziaketa honetan, patronala gutxinaka gutxinaka joan dela plataformetako hainbat aldarrikapen onartzen, baita historikoki aldarrikatu diren batzuk ere; dieta erdia langile guztiak jasotzeko eskubidea eta in itinere istripuak baja laboraletako konpentsazioan sartzea, adibidez.

Balioan jarri behar dugu, duela aste pare bat LABek deitu zuen intersindikala, non batasun sindikala eta greba deitzeko beharra aldarrikatu ziren eta sindikatu guztiak KPIa eta lanaldi murrizketa ezinbesteko elementuak zirela esan genuen. Intersindikal horren ondorengoko negoziaketa bileretan izan da non benetan aurrerapausoak eman diren eta akordio honetara ailegatu ahal izan garen.

Erronka bestelakoa izango da orain, azken urte luzeetan dugun erronka bera, duintzat hartzen dugun hitzarmen hau benetan errespetatzea eta aplikatzea. Eraikuntzan geroz eta ohikoagoa da langile migratu eta arrazializatu askoren ezjakintasuna eta beharrak baliatuz hitzarmenak agintzen duena ez betetzea edota zuzenean autonomo faltsu moduan lanean egotea. Honetan, patronalaren ardura zuzena da, beraien jarrera utzikerian oinarritzen delako arazo honekin.

Amaitzeko, garrantzitsua iruditzen zaigu sektorean azken hilabeteetan ematen ari den lakra aipatzea: lan istripu hilgarriak. Aurten 12 dira Euskal Herrian eraikuntzan hildako langileak eta ez da, patronalaren aldetik, inongo planteamendu seriorik egin arazo larri honi konponbidea emateko. Hala ere, egoera horiek salatzen jarraituko dugu, bai kaleetan eta baita epaitegietan ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.