2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaLan erreformari aurre egiteko proposamenak helarazi dizkiegu aurka bozkatu zuten Euskal Herriko...

Lan erreformari aurre egiteko proposamenak helarazi dizkiegu aurka bozkatu zuten Euskal Herriko alderdiei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari

Urte hasieran Espainiako Kongresuan onarturiko lan erreformak ez zituen konpondu langileriaren arazo nagusienak, ezta 2012ko lan erreformaren neurri atzerakoienak indargabetu ere. Euskal Herrian erreformaren neurri okerrenei muga jartzeko aukera daukagu, eta LABek horri begirako proposamena garatu du. Bi patronalei aurkezteaz gain, Euskal Herriko alderdiei dagokienez, Euskal Herria Bildu eta Eusko Alderdi Jeltzalea izan ziren aurka bozkatu zuten alderdi bakarrak eta eurei ere aurkeztu diegu proposamena.

Hauxe da aurkeztu diegun dokumentua:

Urtarrilean bertan esan genuen euskal bide orri bati ekiteko momentua zela, izan ere, ez zen kontraerreformarik egon, CEOEren garaipen bat baizik: ez zen indargabetu aurreko lan erreforma eta neurririk atzerakoienak bere horretan mantendu ziren. Orduan ere, lan erreformaren aplikazioa oztopatu behar genuela genion eta Euskal Herrian bertan borrokatu behar genuela langileriak beharrezkoa duen eraldaketa sakona. Bide horretan proposatu genuen Euskal Herrirako Lan kode proposamena.

LABek lanean jarraitu du azken hilabete hauetan ere. Egoerak eskatzen duelako, langileriaren pobretzea egunez egun zabaltzen ari den errealitatea delako, lan erreforma desaktibatzeko eta langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko garaia dela uste dugu. Bide horretan, CEN eta Confebask patronalei proposamen zehatza helarazi genien, materia zehatzeko bost akordioren bidez Hego Euskal Herriko langileon gutxieneko lan baldintzen bermea adosteko helburuz. Azaroan jaso zuten gure proposamena eta oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso euren aldetik. Akordio horiek sinatzeak langileon lan baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko luke, horregatik, bi patronalei geure eskakizunei entzungor egiteari utzi eta akordioen aldeko jarrera hartzeko deia luzatzen diegu.

Jakin badakigu ordea patronalak ez direla euren kasa mugituko, jendartearen eta instituzioen presioa sentitzen ez badute ez behintzat. Horregatik erabaki genuen Euskal Herriko alderdi, instituzio zein eragile sindikal eta sozialekin ere gure proposamena konpartitzea. Espainiako Estatuko Kongresuan lan erreformaren aurka bozkatu zuten alderdi politikoei aurkeztu diegu batetik (Euskal Herria Bildu eta Eusko Alderdi Jeltzalea), baita Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere, gure proposamenaren inguruko euren posizionamendua eta babesa eskatuz, eta euren jarrera akordioen aldekoa izatea espero dugu.

Datozen hilabeteetan ere, gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuei eta eragile sozialei gure proposamena azaldu eta akordio horiek gauzatzeko lanean jarraituko dugu. Akordio zabalak osatzeko garaia da, lan erreformari langileon eskubideak defendatuz aurre egitekoa. Euskal Herrian egingo dugu Madrilen posible ez dena!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.