2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaForem eta bestelakoek praktika irregularrak burutzen dituzte

Forem eta bestelakoek praktika irregularrak burutzen dituzte

Forem eta Distrivisual garbiketa enpresek Foruzaingoaren egoitzaren garbiketan burututako praktika irregular baten frogak bildu ditu LABek. Ez da kasu isolatua, baizik eta Iroz eta Clece bezalako enpresak eta IFES bezalako formakuntza eskolek ere garatutako praktika sistematikoa, Iruñerriko hainbat eskola nahiz Iruñeko Udaleko hainbat kiroldegien garbiketa lanetan.

Eskuratu dugun kontratuan azaltzen den bezala, Foremek prestakuntza kontratuak egiten dizkie langabezian dauden lagunei. 4 hilabetetan zehar 478 orduz (oporrak deskontatu behar) egiten dute lan, gutxieneko soldataren truke: 756 euro gordin. Garbiketako hitzarmena aplikatuko balitz, 478 orduz lan egiteagatik 1339 euro gordin jaso beharko lituzke hilero. Soldata desberdintasun honen justifikazio legala, honako hau: langileak ez ditu garbiketa enpresak kontratatzen, baizik eta Foremek, prestakuntza kontratuaren bidez. Foremek egindako kontratuan soldata ezartzen da: gutxieneko soldataren %75a prestakuntza garaian eta gutxieneko soldataren %100 praktikan egiten diren garaian. Alabaina, praktika antisindikala eta irregularra da, bost arrazoi direla eta.

Lehenik eta behin, 478 orduak Foremen egindako garbiketako formakuntza ikastaroaren “praktikak” direla esaten zaie langileei. Baina langile hauek egiturazko lanpostuak betetzen dituzte. hau da, ez dute langile baten ondoan ikasten, baizik eta langile hori ordezkatzen, Forem eta garbiketa enpresaren arteko elkarlan hitzarmenean azaltzen dena urratuz: “En ningún caso la participación del personal amparado en este convenio podrá cubrir ningún puesto de trabajo de la empresa” (9. klausula). Foruzaingoko garbiketaren kasuan, 7 lanpostutik 3 modu honetan betetzen dira. Garbiketako enpresek instituzio publikoen azpikontratak eskuratzeko erabiltzen dituzten amarruetako bat da hori. Lan hitzarmena betetzeak duen kostearen azpitik dagoen eskaintzak egiten dituzte eta, behin kontratua lortuta, lan-kostuak murrizten dituzte amarru ezberdinen bidez, hala nola, bajak ez ordezkatzea, lanak ez betetzea edota prestakuntza kontratuen erabilpena. Azken kasu honetan, Forem ezinbesteko laguntzailea da, langileak doan ematen baitizkie garbiketa enpresei.

Bigarrenik, ustezko praktiketan dauden langileek tutore bat izan beharko lukete, bertatik bertara jarraipena egiteko. Alabaina, Foremek garbiketako enpresei eskainitako langileek ez dute halakorik izaten. Tutorearen izena azaldu behar den kontratuaren lekuan “Zuzendaria” azaltzen da, suposatzen da Foremekoa. Edozein kasutan ere, ustezko tutore horren nortasuna edozein dela ere, kontua da langileek bakar-bakarrik lan egiten dutela.

Hirugarrenik, garbiketako hitzarmenak (32. artikulua) prestakuntza kontratua erabiltzea debekatzen du espreski, “sektorearen ezaugarriak aintzat hartuz eta “ofizio” edo “lanpostu kualifikaturik” ez dagoela kontutan hartuz”. Hau da, garbiketako sektorean lan egiteko ez da behar inongo formakuntza espezifikorik eta horregatik formakuntza kontratua espreski debekatzen da, salatzen ari garena bezalako iruzurrak ekiditeko. Ondorioz, Garbiketa hitzarmenaren ez betetze larri baten aurrean gaude. Legalki zera argudia daiteke, Foremek enpresa hitzarmen propioa duela eta hori Garbiketa hitzarmenaren gainetik dagoela. Baina horrek ez lioke larritasunik kenduko salatutakoari, azken batean praktika antisindikal argia baita.

Laugarrenik, formakuntza kontratuek finantziazio publikoa jasotzen dute. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak honako arlo hauek ordaintzen ditu: Foremeko irakasleak; formakuntza gastuak; lan kosteak, gizarte segurantzako kuotak barne (formakuntza garaian gutxieneko soldataren %75 eta praktiken garaian %100). Hau da, Foremek kontratatutako eta garbiketa enpresek egiturazko lanpostuak betetzeko erabilitako pertsonen soldatak diru publikoz ordaintzen dira. Honela, garbiketa enpresek arlo publikoaren kontura aberasten dira, bi bidetik aberastu ere: batetik, pribatizazio politikari esker, azpiegitura publikoak garbitzeagatik diru publikoa jasotzen dute; bestetik, diru publikoz ordaindutako pertsonala erabiltzen dute lan horren zati bat egiteko.

Bosgarrenik, formakuntza kontratuak diru publikoz ordaintzeko bete beharreko irizpide legala aipatu beharra dago: gutxienez “ikasleen” %10 kontratatu beharko ditu enpresak, gutxienez hiru hilabetez. Ikusi beharko litzateke ea irizpide hau betetzen den eta ea legearen arabera betetzen den, nekez justifikatu baitaiteke kontratu ebentual bat Garbiketa bezalako sektorean, garbiketa lanak egiturazkoak direnez kontratazioa mugagabea edota interinoa (bajak kubritzeko) izaten baita. Sarrigurengo eskola publikoarena bezalako kasuak ezagutzen ditugu, non Distrivisualek “praktiketan” diren langileak bata bestearen atzetik aldatzen dituen.

Praktika hauek hain dira larriak, ezen Distrivisualeko Komiteak aho batez (UGT, CCOO, LAB eta ELA) adostu baitzuen gertakari hauek Lan Ikuskaritzaren aurrean salatzea. Izan ere, sindikatuen arteko ohiko ika-miketatik edota enplegu politiken kudeaketa ereduen arteko eztabaidatik harago kokatzen den auzia da: garbiketako enpresen interes pribatuei mesede egiten dien praktika antisindikala da, argi eta garbi.

Gertakarien larritasuna ikusita, LABek iritzi publikoa jakinaren gainean jartzea erabaki du, eremu ezberdinetatik hartu beharreko neurriak har daitezen. Zehazki, LABek honako ekintza hauek beharrezkotzat jotzen ditu:

-Lan Ikuskaritzari dagokionez, iruzurraren dimentsioa ikertzea eskatzen dugu, Forem eta Ifes bezalako formakuntza eskolen nahiz enpresen erantzunkizunak argituz, eta horrelakoak berriro gerta ez daitezen beharrezko neurriak hartuz.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokionez, formakuntza eskolen eta bereziki Forem eta Ifesen inguruko ikerketa propioa egin dezan eskatzen dugu, aurrerantzean horrelako praktikak diru publikoarekin ez direla ordainduko bermatuz.

-Aipatutako egoeretan dauden langileei LABekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatezn diegu, beren eskubideak eta interesak defenda ditzagun.

-Azkenik, LABeko Aholkularitza Juridikoak epaitegietara jotzeko aukerak aztertuko ditu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.