2025-04-01
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaGipuzkoako adin txikiko zentro batean langile batek jasan duen erasoa salatzen dugu

Gipuzkoako adin txikiko zentro batean langile batek jasan duen erasoa salatzen dugu

LABek beste behin salatzen du adin txikiko zentro espezializatu batean langile batek jasan duen erasoa. Gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileek erasoak jasateko arrisku handian dihardute, egiten duten lan motagatik. Eta egia bada ere gure lanbideari hainbat arrisku eragileak atxiki dakizkiola, ezin dugu ezikusiarena egin erasoak prebenitzeko garaian. Egoera honen aurrean LABek kontzientziazio kanpaina bati ekingo dio eta erakundeei konpromisoz jokatzeko eskatzen diegu.

Gizarte zerbitzuetan ematen diren eraso psikologikoak eta fisikoak kezkagarria badira ere, adin txikiko zentro espezializatuetan ematen den egoera are kezkagarriagoa da.

Gaurkoan, tamalez, berriro ere salatu behar dugu langile batek jasan behar izan duen erasoa Gipuzkoako adin txikiko zentro espezializatu batean. Azken urteotan, mota honetako zentroetan, ohikoak bilakatu dira eraso psikologikoak eta fisikoak. Horren adibide oihuak, irainak, mehatxuak, materialen eta altzairuen triskantza, hezurrak haustea, zauri larriak, bortxaketa saiakerak, traumatismoak, hilketa saiakerak,… edo gaurkoan bezala, ukabilkada indartsu batez tinpanoa hautsi diote langile bati.

Zentro honen egoera ez da berria; erasoak etengabe ematen dira egunero. Azken 10 egunetan zazpi langilek utzi behar izan dute lanpostua pairatu behar izan duten egoera jasanezinagatik. Halako batean atzera bueltarik izango ez duen egoera batekin egingo dugu topo, eta orduan salaketak, auhenak eta arrangurak alferrikakoak izango dira.

Zoritxarrez, hamaika arrazoi daude mota honetako erasoak eman daitezen. Zergatien artean, honakoak ditugu: pribatizazioa, lanpostu batzuen betekizuna pertsona bakar bati dagokio, langile gutxi eta langile kopurua ezegokia, erabiltzaile asko daukaten zentroak, zentroetako guneak gaizki diseinatuak daude, kudeaketa egiteko burokrazia eta prebentzio neurri eskasia.

LABek salatu nahi ditu eraso hau zein gizarte zerbitzuetan gertatzen diren eraso guztiak; bide batez, adierazi nahi dugu sindikatuak kontzientziazio kanpaina bati ekingo diola eta erakundeei konpromisoa eskatuko diegula, ahalik eta bizkorren egoera honi ausardiaz ekiteko eta arazoa konpontzeko bilera erronda eskatuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.