2024-12-19
HomeIrakaskuntzaHezkuntza"Oso larria da ikasleen datuak multinazional baten esku jartzea"

“Oso larria da ikasleen datuak multinazional baten esku jartzea”

LAB sindikatua eta Ernai gazte erakundea EHUko Gizarte kontseiluaren bilkuraren aurrean elkarretaratu gara Bilbon, EHUko Zuzendaritza taldeak inposatu nahi duen neurri berria salatzeko. Izan ere, ikasleen posta elektronikoaren kontuak Microsoft Office 365-era migratu nahi ditu, zerbitzu hau pribatizatuz eta ikasleen pribatutasuna kolokan jarriz.

Aspaldidanik gauzatzen ari da azpikontratazioa EHUko hainbat alorretan, Informazio eta Komunikazio Teknologiei (IKT) lotutako zerbitzuetan barne. Duela gutxi jakin izan dugu 2022-23 ikasturtean ikasle guztiek O365 kontua derrigorrean izateko azken moldaketa teknikoak egiten ari direla, uztailaren 18an irekiko den matrikulazio-kanpainan bertan automatikoki gauzatzeko.

Honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu Ernai eta LABetik:

– EHUko zerbitzuen pribatizazioa salatzen dugu. Sistema publikoaren desegite progresiboaren beste pauso bat da, unibertsitate publikoa ahulduz transnazional baten onurako. EHUn baditugu informatikan adituak diren langileak eta baliabideak IKTak EHUn bertan kudeatzeko eta, nahikoak ez direnean, inbertsio handiagoa egin behar da baliabide propioetan, eta ez kontrakoa: enpresa pribatuetara diru publikoa bideratzea.

– Oso larria da ikasleen datuak multinazional baten esku jartzea. Pribatutasuna gordetzeko bermeak daudela esango badute ere, ikasleen datuen pribatutasuna kolokan egongo litzateke, etorkizunean informazio pertsonala non buka daitekeen ezin ziurtatu. Ikasleen ondoren, EHUko langileen kontuen migratzea etorriko litzateke, baita EHUko plataformetan dagoen lan-kudeaketari eta ikerketari lotutako informazioa Microsoft- en zerbitzarietara pasatzea ere.

– Erabaki honek ikasleen eta langileen Microsoft-ekiko menpekotasun teknologikoa nabarmenki areagotuko luke eta atzera buelta ia ezinezkoa bilakatuko litzateke.

– EHUko komunitate osoan eragiten duen erabaki hau ezkutuan gauzatzen ari dira, informazio ematea eta eztabaida ekidinez. Posta elektronikoak O365-era migratzean, ikasleriaren erabakitzeko eskubidea urratzen ari da. Parte-hartzerako jarrera irekiaren irudia eman nahi badute ere, ez dago gutxieneko parte-hartze prozesurik, ez ikasleekin ezta langileekin ere.

– Multinazional eta baliabide digital pribatuen menpekotasunaren aurrean, alternatiba badago, burujabetza teknologikoaren bidean zerbitzu publikoen indartzean eta software librearen erabilera orokortuan oinarrituta.

Horregatik, Ernai gazte erakundeak eta LAB sindikatuak publikoki salatu nahi dugu EHUko zerbitzuen pribatizazio egitasmo hau eta EHUko Zuzendaritza taldeari atzera egitea exijitzen diogu, O365 proiektua alde batera utziz eta unibertsitateko komunitatea osoarekin eztabaida prozesu bat martxan jarriz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko norabidea denon artean zehazteko.

Era berean, EHUko komunitate osoari (ikasle zein langile) baita, era orokorrean, euskal gizarteari ere erabaki honen kontra agertzera dei egiten diogu.

EHUko zerbitzuen pribatizazioari ez!
Ez jarri EHUko ikasle zein langileen datuak enpresa pribatuen esku!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.