Gaur, hilak 5, LABek konzentrazio bat burutu du CONDESAko bulego nagusiaren aurrean Legutioko lantegietarako, baita besteetarako ere, konponbideak eskatzeko. Azken ia 2 urteetan langileak ziurgabetasun egoeran bizi dira, lan karga eskasarekin, ERTEak bata bestearen atzetik sufritzen, horren ondorioz langabezi prestazioa erruz kontsumitzen, eta inolako informaziorik jaso gabe. Hori gutxi ez eta langileei abenduko aparteko pagaren %75a ez zieten ordaindu inolako azalpenik eman gabe.
Prozesu honetan guztian, oso esanguratsua izan da Eusko Jaurlaritza eta EAJ-PNVren papera. Langileen ordezkariei informazioa ezkutatu, zenbaitetan beraiekin biltzeari uko egin eta Eusko Legebiltzarrean langileen aldeko adierazpen bati babesa eman ez izana benetan tamalgarria da.
Otsailaren 1ean jakin genuen Europar Batasunak onespena eman ziola CONDESAk, ARCELORrek eta Bankuek adostutako akordioari baina gaur akordio hori nola gauzatuko den jakin gabe jarraitzen dugu.
Horren aurrean, LABek jabe berriei Industria Plana exigitzen die aktibitatea, enplegua eta lan baldintzak bermatzeko. Horrekin batera, dei egiten diegu instituzioei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, Arabarako estrategikoa den proiektu hau babestu dezaten. Euskal altzairuzko egoeraren eztabaidan, itxuratik haratago benetako inplikazioa eskatzen diegu.
Honenbestez, LABek jarraituko du CONDESAko langileen etorkizuna, enplegua eta eskubideen alde mobilizatzen.