2024-11-22
HomeEkintza SozialaSortzen den enplegua oso prekarioa da eta langabezia-babes sistema etengabe ahultzen ari...

Sortzen den enplegua oso prekarioa da eta langabezia-babes sistema etengabe ahultzen ari dira

INEk argitaraturiko datuen arabera, Hego Euskal Herrian hazi egin da landun kopurua eta gutxitu egin da langabezia. Baina salatu beharra dago sortzen den emplegua oso prekarioa dela eta gero eta gehiago direla langabezian egon arren prestaziorik jasotzen ez dutenak.

Gaur kaleratu diren EPA inkestaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 173.900 langabe zenbatu dira 2015. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 7.900 gutxiago eta urte bat lehenago baino 46.600 gutxiago. Langabezia tasa %13koa da.

Landun kopuruak, aldiz, gora egin du Hego Euskal Herrian nahiz eta laugarren hiruhilekoan gutxitu egin den Nafarroan.

Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu positibo hauek ezkutatzen dutena:

• Sortzen den enplegua oso prekarioa da; 2015. urtean sinatu diren ehun kontratutik sei baino ez dira mugagabeak izan, eta gainera, sinatu diren aldi baterako kontratuen ia erdiak ez dute hilabete bat baino gehiago iraun.

• Era berean, azken aldian asko ugaritu da borondatezkoak ez diren aldi partzialeko kontratuen erabilera ere, batez ere emakumeen kasuan.

• Azkenik, gogorazi beharra dago langabezia-babes sistemaren ahultzea etengabea dela; geroz eta gutxiago babesten du eta prestazioak murritzagoak dira. Zehazki esanda 2015. urte amaieran 131.045 pertsona dira langabezian egon eta langabezia prestaziorik jasotzen ez dutenak, eta langabezia prestazioa kobratzen dutenek 425 € jasotzen dituzte bataz beste.

Datu hauek argi uzten dute ekonomiaren hazkundea adierazten duten datu makroekonomikoen atzean dagoen errealitatea eta botere publikoek duten ezintasuna krisiari erantzun egoki bat emateko.

Guzti honengatik, gure ustez ez dira zalantzan jarri behar soilik enpresa gestio edo lan harreman ereduak, sistema ekonomiko eta soziala ere zilegitasun krisi handi baten aurrean dago.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.