2024-11-25
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaMerkatuen logikaren gainetik herritarren bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren alde

Merkatuen logikaren gainetik herritarren bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren alde


Aldaketa sozialaren aldeko indarrak bildu eta aktibatzeko helburuarekin, IV. Asanblada egin zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak larunbatean Gernikan. Asanbladan Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikalaren aurrera begirako erronkak zehaztu ziren, aldaketa sozialaren bidez, merkatuen logikaren gainetik herritarren bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren aldeko borroka suspertu eta aktibatzeko.

Eragile sozial eta sindikalen asanblada egin zuen larunbatean Gernikan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. 2014ean prozesu zabal eta parte-hartzailearen bidez Karta eztabaidatu, onartu eta aurkeztu ondoren, ordutik hona egindako bidearen balantzea egin zen bertan: programa soziala eta interpelazio instituzionala, “Baditugu alternatibak, aldaketa soziala orain!” lemapean egindako mobilizazio koloretsuak eta urriaren 24an Bilbon egindako Alternatiben Herria, “Bizitza burujabea eskubide osoz”, aldaketa sozialaren aldeko indar eta eragileen elkarlan erraldoiari esker egindakoa. Bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren aldeko erakusleiho itzela izan zen 167 eragileren elkarlanari esker egindako ekimen arrakastatsua.

10:00etatik ia 14:00ak arte Astran egin den Asanbladan Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikalaren aurrera begirako erronkak zehaztu ziren, aldaketa sozialaren bidez, merkatuen logikaren gainetik herritarren bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren aldeko borroka suspertu eta aktibatzeko. Alde batetik, datozen urteotako plangintzaren ardatz nagusiak finkatzeko saiakera egin zen bertan, bizitza burujabea indartzea helburu. Bestetik, mugimendu ezberdinen elkarlanerako aukerak ere zehaztu ziren bertan, mugimenduak, aldarrikapenak eta elkarlana saretzeko helburuarekin.

Orain arteko prozesuan egin izan den bezala, metodologia horizontal eta parte-hartzailea erabili da batzarrean zehar, lan-taldeetako lanak eta plenarioan egindako azalpenak tartekatuz. Amaieran, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen inguruko Batura ekimena, Pentsionistak Martxan elkarteen sinadura-bilketa erraldoia eta Bilboko Jantoki Sozialaren inguruko informazioa jaso zuten bertaratutakoek.
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.