2024-11-22
HomeEkintza SozialaAurrerapausu batzuk eman arren, 2016ko aurrekontuak ez dira Nafarroan aldaketa soziala bideratzeko...

Aurrerapausu batzuk eman arren, 2016ko aurrekontuak ez dira Nafarroan aldaketa soziala bideratzeko nahikoak

2016ko Nafarroako aurrekontuak ez dira inondik inora nahikoak nafar langileriak behar duen aldaketa soziala bideratzeko. Aurrerapausu batzuk eman dira, horietatik aipagarriena Oinarrizko Errentaren zabalpena. Era berean, Erregimeneko partaideen pribilejioak murriztu egin dira. Batetik, Opus Deiko langileei ordaintzen zitzaien aseguru pribatua bertan behera geratu da. Bestetik, Patronalak, UGTk eta CCOOek zituzten hitzarmenak 12 milioitik 5 milioira murriztu dira eta hitzarmen nominalak izatetik sindikatu eta enpresari elkarte guztiei zabaldu egin zaie; halere, LAB ez dator bat enplegu politika aktiboen zati bat azpikontratatzearekin, hitzarmen horiek guztiak bertan behera uztea eskatzen du eta koerentziaz Gobernuarekin hitzarmena egiteari uko egiten dio.

Aldaketak aldaketa, lan esparruari nahiz zerbitzu publikoei dagokionean, aldaketa gutxi somatzen dira. Gastu publikoak %4 egin du gora, baina erabat ez nahikoa da krisiak nahiz UPN eta PSNk ezarritako murrizketek eragindako atzerapausuei aurre egiteko. Administrazioko langileen soldatak %1ean igo eta aparteko soldataren ordainketa osoa 2017ra atzeratu egiten da, erosmen ahalmenaren galera iraunkortuz. Ez dago apenas kontratazio berriak egiteko diru-partidarik eta ondorioz ezin izango da murrizketek kaltetutako zerbitzuen kalitatea hobetu, Suhiltzaileetan izan ezik.

Nafarroan nahikoa aberastasun egon badago gastu publikoa nabarmen handitu eta herritarren beharrei behar bezalako erantzuna emateko. Hiru dira egiturazko arazoak. Batetik, Nafarroaren burujabetza ezaren ondorioz, aurrekontu politika mugatzen duten irizpideak inposatu eta gastu antisozialak ordaintzeko Kupoa ezarri egiten du Madrilek. Bestetik, aurreko Gobernuek eragindako zorpetzea: zorra ordaintzeko, Eskubide Sozialen Sailerako eta Garapen Ekonomikoaren Sailerako baino diru gehiago bideratuko da. Azkenik, Patronalari mesede egiten dion politika fiskala: 2005etik enpresarien etekinak %24,43 hazi diren bitartean, Elkarteen gaineko Zerga nabarmen murriztu da. Horregatik, hiru dira LABek Nafarroako Gobernuari eskatzen dizkion neurri estrategikoak: burujabetzan urratsak ematea, zorraren gaineko auditoria egitea eta Patronalak zergak ordaindu ditzan Elkarteen Zerga igo eta ikuskarien kopurua handitzea.

Larunbat honetan, 12etan Sarasate Pasealekuan Parlamentu Sozialak egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten du LABek.

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.