2024-07-22
HomeUncategorizedGure hezkuntza sistema urratsez urrats eraikitzeko ordua da

Gure hezkuntza sistema urratsez urrats eraikitzeko ordua da

EAEko Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Hezkuntzarako dagokion curriculum dekretuak plazaratu ditu EHAOk urtarrialren 15ean. LABen ustez dekretu honek ez dio ekarpenik egiten Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduari.

EAEko Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Hezkuntzarako dagokion curriculum dekretuak plazaratu ditu EHAOk urtarrilaren 15ean. Hauek aztertu ondoren LABk zera adierazi nahi du:

Dekretu hauek aztertzeko erabili dugun irizpidea argia da: dekretuak Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduari ekarpena egiten dio? Bada, erantzuna argia da, ezezkoa. Izan ere,

1. LOMCEren itzalean garatutako curriculum dekretua da. Besteak beste, LOMCEk ezartzen dituen kontrol neurriak barnebiltzen ditu: LH3, LH6 eta DBH4 rebalidak.

2. Euskal kulturaren transmisioaren eta eraberritzea ez du bermatzen.

3. Ez da kontenplatzen ez ikuspegi askatzaile ez eraldatzailerik. Konpetentzien bidezko irakaskuntza garatzeko asmoa jasotzen den arren, konpetentzia hauek ez daude Euskal Herriaren errealitatearen baitan definiturik eta hortaz, erabilgarria da edozein lurraldetarako. Egungo status quoa mantentzea du helburu.

4. Hizkuntzaren trataerari dagokionez, egungo ikas-ereduak mantentzearen aldeko apustua egiten du, egungoak gehiago garatuz lorpen handiagoak izango direlakoan. Ez da profil eskakizunik zehazten.

5. Hezkidetza planteamendu pedagogikoa izanik ikas-irakas prozesu osoa busti behar du. Hezkidetzaren beharra aipatzen bada ere ez da hau bermatzeko neurririk zehazten.

Gure ustez, Euskal Herrira begirako bide propioa garatzeko ausardia behar dugu une hauetan, EAEko Hezkuntza Sailak erakutsi ez duena. Ildo honetan, Hezkuntza Sailaren jarrera salatu nahi dugu, LOMCEren aplikazioari ateak parez-pare irekitzeagatik. Inposizioei aurre egiteko, hezkuntza sistema propioaren bidean urratsak ematen jarraitzea da berme bakarra.

Horrela, hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean Hezkuntza Sistema Propioa osatzeko determinazioa dugu. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude. Eta hurrengo asteetan bide hau jorratzeko dinamika berri bat aurkeztuko dugu, eta gainera prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu. Ez dezagun aukera hau galdu!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.