LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra:
Jaurlaritzak Osakidetza desegin eta prekarizatu nahi duela salatzeko, manifestaziorako deia egin dute LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Hala erabaki dute gaur goizean Bilbon egin duten bileran. Izan ere, aste honetan Osasun Sailburuak egindako adierazpenak oso larriak izan dira. Berriak ez izanagatik, agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren Lehen Arreta desegiteko eta gainerako arreta mailak prekarizatzeko borondatea. Eta, beraz, pribatizazioari bide emateko asmoa. Hori dela eta, ekainaren 26an Bilbon elkartuko dira Osakidetzako langileak eta herritarrak, eguerdiko 12:00etan, osasungintza publikoaren defentsan. Aldi berean, ekainaren 22an, kontzentrazioak eta itxialdiak egingo dituzte udan ordutegi murriztua duten osasun-zentroetan.
Sailburua ez da gai profesionalei eta herritarrei eskubideak murrizten ez dizkieten neurriak planteatzeko, eta, horrez gain, hitzez esandakoaren arduragabekeria ikusita, osasun-arloko arduradun nagusi gisa dimisioa ematea baino ezin da izan ondorioa.
Gogoratu dezagun egoera hau ez dela bat-batean gertatu. Lehen Arretari dagokionez, langile falta urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioa da. Alde batetik, lan baldintza eskasengatik askok alde egin dute, hala nola, kontziliazio zailtasunengatik, egonkortasun ezagatik, behin-behinekotasunagatik, lan kargengatik eta abar. Eta, bestetik, sindikatuok urteak garamatza esaten langile gehiago behar zirela etorriko ziren hutsunei aurre egiteko.
Jaurlaritzak, ordea, ez die egoera horiei erantzun nahi izan. Mediku erresiendenteen kasuan, Jaurlaritzak adierazi du Madrileko gobernuaren eskumena dela mediku berrien kopuruak zehaztea, baina ez du ezer ere egin kopuru horiek handitzeko edo arazoa behintzat mahaigaineratzeko. Gainera, profesional gazteak kriminalizatu nahi ditu, beraien konpromisorik eza adieraziz. Eta hori guztia hartu nahi dituzten neurri larriak justifikatzeko, hala nola osasun zentroak ixtea edo irekita bai, baina medikurik gabe. Prekarizazio hori kategoria guztietan gertatzen da, baita profesionalen eskasia ez dagoen horietan. Kasu horretan, Osakidetzak kontraturik ez egiteko apustua egiten du.
Erabaki politikoen adibide garbia da aurrekontuekin gertatzen ari dena. Osasun inbertsio publikoan Europako bataz bestekora iristeko 1.674 milioi euro gehiago inbertitu beharko genituzke EAEn. Grezia, Estonia edo Portugal bezalako herrialdeen atzetik gaude.
Errealitate bakarra da profesionalen falta aitzakia ezin hobea bihurtu dela Lehen Arreta desegiteko, ez baitago hori ez den beste plan alternatiborik proposatzen. Alternatiba bakarra osasun zentroak ixtea edo bertako pertsonala gutxitzea da, gaixo kopurua eta lan karga berdin-berdina izango bada ere. Ondorioz, bai lan baldintzak, bai zerbitzua prekarizatuko direla, pazienteak sistematikoki mugitu beharko direlako, bereziki ahulenak, eta arreta zerbitzua murriztuko delako.
Funtsezko zerbitzu publiko baten aurkako eraso honen aurrean, dei egiten diegu langileei, gizarte-mugimenduei eta biztanleriari, oro har, Osasun Publikoaren murrizketa sistematikoaren aurka mobilizatzeko.