2024-11-22
HomeEkintza SindikalaCCOO, UGT eta Arcelor Mittalen estatalizazioaren aurrean, lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzea...

CCOO, UGT eta Arcelor Mittalen estatalizazioaren aurrean, lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzea eskatu dugu

Agerraldia egin dugu Arcelor Mittalen inguruan hartutako azken erabakien inguruan, Lesaka, Legasa, Sestao, Bergara eta Olaberriako lantegietako ordezkariekin batera.

Hain zuzen ere, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak eta sindikatu estatalek Euskal Herriko errealitate sindikalari entzun gor egin diote berriro. Oraingoan estatalizazio estrategian beste pausu bat eman dute eta Olaberriko eta Bergarako lantegiak akordio markoan sartzea inposatu dute, bertako komiteekin inongo kontsultarik egin gabe. Hauek beraien gehiengoaren kontrakotasuna garbi adierazi dute egindako ez ohiko komite bileretan.

Urteetan salatu dugun moduan, Estatu mailako akordio marko horretan, Euskal Herriko gehiengo sindikala guztiz desegina gelditzen da eta bertan “adosten” dena, Euskal Herriko lantegietan izugarrizko eragina baldin badu ere, ez du inondik inora bertako errealitatea kontuan hartzen.

Kezkagarria da ere Asturiasera begira funtzionatzen duen marko bat izatea etorkizunean langileen lan baldintzak adostuko dituena, horren emaitzaren adibide garbiak baititugu azken urte luze hauetan; Euskal Herrian lanpostu suntsiketa basatia eta inbertsiorik ez, hau da, desagerpenaren bidea.

Orain bizi dugun garai ezegonkor honetan, non enpresak egoera globalaren aitzakia erabiltzen ari den langileon baldintzak okertzeko (beraiek urtez urte irabazi gehiago dituzten bitartean), inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herrian erabakitzeko marko bat, gure lanpostu eta baldintzak defendatu ahal izateko.

Esan bezala ez gaude egoera hau onartzeko prest eta zuzendaritzak eta sindikatu estatalen arteko tandem hori aurrera jarraitzen duen neurrian gure eskuetan dagoen guztia eginen dugu beraien erabakiak baldintzatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.