2024-11-22
HomeEkintza Politikoa"Tinko lan egin behar dugu lantokietan, lan-araudietan eta administrazio publikoan arrazakeria desmuntatzeko;...

“Tinko lan egin behar dugu lantokietan, lan-araudietan eta administrazio publikoan arrazakeria desmuntatzeko; gure erantzukizun eta hautu politikoa da”

Hemen da LAB sindikatuaren X. Biltzar Nagusia. Baiona-Miarritzen egingo dugu, ekainaren 16an eta 17an, aurreko biltzarrean hartutako erabaki nagusiak berresteko eta horiek garatzeko.

Zentzu honetan, biltzarrak berritasunak dakartza erabaki nagusien garapenean, eta berritasun horietako batzuk lotura zuzena dute bizitzaren eremu guztietara hedatzen ari den prekarizazioak kolpatzen dituen langileekiko. Horien artean daude langile migratu eta arrazializatuak.

LABek langile guztien lan eta bizi baldintzak borrokatzeko tresna eraginkorra izan nahi du, eta, horretarako, apustu berrien artean, sindikatu antiarrazista bilakatzea erabakiko dugu; antiarrizista bilakatzea, arrazista ez izatea baino zerbait gehiago dela ulertuta eta langile hauekin zor bat dugula aitortuz, zor koloniala.

Honi buruz aritu gara Ekintza Sozialeko kide Josefina Roco “Txefi”-rekin:

Josefina Roco “Txefi”.

-Nondik dator sindikatu antirrazista bilakatzeko beharra?

LAB kontrabotere tresna bat da Euskal Herriko langile eta herritar guztientzat. Langileen eskubideen alde lan egiten dugu, haien antolaketa kolektiborako baldintzak eskainiz eta sistema kapitalista, klasista, matxista, kolonial eta biozida horren desberdinkeria eta indarkeria-kausen aurka borrokatzeko, Euskal Herriaren subiranotasunaren defentsa ardatz.

Ekoizpen, metaketa eta ustiapen-formen eta harremanen eraldaketek enplegu eta prekarizazio-modu berriak eszenaratu dituzte, eta horiek langile-klasera zabaldu dira, gero eta gehiago subjektu anitza eta dinamikoa bihurtuz. Sindikatu gisa, erronka handia da subjektu horietara eta errealitate berrietara, lanekoak eta biziartekoak, iristea. Horretarako, gogoeta egin behar dugu, eta gure egitura eta praxi sindikalera egokituko diren erabakiak hartu.

Prozesu bikoitza da. Langile-klasea birkokatzen den bitartean, erakunde gisa berrasmatzen ari gara. Duela bost urte, Birpentsatzen prozesuaren barruan, gure ekintza sozioindikala berritzeko prozesu bati ekin genion, kapital-bizitza gatazka erdigunean kokatuz eta langile guztien errealitate anitza kontuan hartuz.

-Egungo errealitateak eskatutako erabaki bat da, ezta?

Ezin gara bazterrean geratu, testuinguruak eskatzen du parean egotea. Aurreko borroka eta antolaketa-moduek beren indarra izaten jarraitzen dute, baina errealitate eta baldintza zehatzetara egokitu behar dira, eta ezin ditugu errealitate eta baldintza horiek ez baztertu ez ikusezin bihurtu. Hori da langile guztientzako tresna izatea.

Arrazakeriaren aurkako sindikatu gisa eraikitzea prozesu honen parte da. Euskal Herrian migratutako eta arrazializatutako langileak kolektibo zabal eta heterogenoa dira; egoera desberdin eta aldakorrek zeharkatzen dute. Abiapuntuko baldintzek, atzerritartasun-egoerak, negoziatzeko unerako ezintasunak edo mugak, gizartearen eta erakundeen babesgabetasunak, egiturazko arrazakeriak eta indarkeria transistemikoek modu zehatzean eragiten diete lankide horien bizitzei eta gorputzei.

Sindikatu gisa, orain arte ez dugu ez irakurketa ez lan zehatzik egin langile migratu eta arrazializatu horien berezitasunei aurre egiteko. Haien espezifikotasunetik jorratzea garrantzitsua dela uste dugu, haientzat ere tresna erabilgarria izan ahal izateko. Ez gara denak berdinak, eta ez dugu izan nahi. Baina ezin ditugu guztiak berdindu, hasierako baldintzak ez baitira berdinak, eta askotan aniztasun horiek asimetria bihurtzen dira mundu honetan eta sistema honetan.

-Zein pauso eman dituzue norabide horretan?

Arrazakeriaren aurkako praxi sindikal batean aurrera egitea dimentsio desberdinak uztartzen dituen apustua da. Langile migratuez eta arrazializatuez harago doan talde-lana egitea da. Guztiok inplikatzen gaituen lana da, arrazakeria ez baita migratzen duten pertsonen arazoa soilik. Arrazakeria leku guztietan dago. Ez gara horretaz jabetzen. Antirrazismotik lan egin nahi duen sindikatu gisa, honen aurrean jarrera aktiboa hartu, salatu eta tinko lan egin behar dugu lantokietan, lan-araudietan eta administrazio publikoan arrazakeria desmuntatzeko; gure erantzukizun eta hautu politikoa da.

Prozesu hori hasteko erabakia hartu genuenean, enplegu-baldintzak hobetzeaz eta langile migratuekin lan egiteaz hitz egin genuen, euren egoerak eta LABi buruz dituzten itxaropenak bertatik bertara ezagutzeko. Ez genuen imajinatzen zer zetorren. Gaur mahai gainean jartzen ari gara arrazakeriaren aurkako idazkari bat eraikitzeko beharra. Jauzi hori asmoak askoz harago joan behar zuela ikusi izanaren parte da.

-Hilabete askotako lana izan da, ezta?

Hainbat hilabetez, dimentsio anitzeko barne-prozesu bat egin genuen. Tailer parte-hartzaileak egin ditugu hainbat lurraldetan migratutako eta arraza-egoeran dauden langileekin eta formakuntza egin dugu hainbat sektore, eskualde eta ardura desberdinetako kiderekin. Kontraste-bilerak ere egiten ditugu Euskal Herrian migratutako pertsonen erakundeekin eta kolektiboekin. Laburbilduz, zazpi hilabeteko lana izan da, non 140 langile migratu eta arrazializatu baino gehiagok, sindikatuko 40 kide inguruk eta 20 bat kolektibo sozialek parte hartu duten. Hortik dator erabaki hau. Ez arrazistak ez garelako, baizik eta ikusi dugulako asko dagoela egiteko ekintza sindikal baten eta arrazakeriaren aurkako sindikatu baten alde.

-Prozesu honetan, zer aurkikuntza nabarmenduko zenuke?

Ikusten ari gara langile migratuek eta arrazializatuek forma eta antolaketa kolektibo berriak ekarri dizkiotela sindikatuari. Borroka-istorioak, jakintzak eta gaitasun handiak dituzten pertsonak dira, eta ez dira beti balioesten. Gauza asko erakutsi dizkigute borrokari eta antolaketari buruz. Hori da, adibidez, Bizkaiko etxeko langileen edo Nafarroako landa eremuko langileen kasua. Borrokan ikusi ahal izan dugu nolako gaitasuna duten subjektu gisa eta nola aberastu duten sindikatua aniztasun horietatik.

-Zein pauso emango dituzue aurrerantzean?

Bide luzea dago aurretik. Pausoak mantsoak izango dira eta badakigu kostatuko zaigula, gauza asko mugitzen direlako eta ondo dago horrela izatea. Era guztietako hesiak eta erresistentziak ditugu. Lana guztien artean, bakoitzak bere buruarekin, besteekin, egin behar dugu. Praktikak, pentsamenduak, hizkuntzak eta kodeak berrikustea eta aldatzea eskatzen du honek guztiak.

Idazkari feministarekin bezala, arrazakeriaren aurkako idazkariaren sorrerak ez dakar konponbide magiko edo berehalakorik. Eman nahi dugun norabide bat da, helburu bat, eta horren gainean lan bat hasten da. Esploratu egin beharko da, arnasa hartu, pazientzia izan, irakurtzen jakin eta ikuspegia izan behar da, hanka-sartzeak birbideratzeko eta antzemateko gertatzen direnean. Badakigu asko dugula ikasteko eta desikasteko.

Orain arte identifikatu ditugun beharretako batzuk modu konektatuan landuko ditugu: formazioa eta sentsibilizazioa, bai atzerritartasunari eta sektoreko hitzarmen espezifikoei dagokienez, bai pribilegioei, beldurrei eta aurreiritziei dagokienez ere.

Migratuen lan-osasuna, lankide horien antolaketa kolektiboa, arrazakeriaren aurkako ekintza sindikala, aholkularitza juridikoa… Hona hemen pista batzuk, apurka-apurka aldatzen eta hobeto definitzen joan daitezkeenak, nola, norekin eta zein unetan eta zein intentsitaterekin heltzen ari garen ondo diseinatuz.

Zerbait argi daukagu. Prozesu integrala izan behar du, federazio, idazkari eta arlo guztiak artikulatuko dituena eta guztion inplikazioa eskatzen duena.

-Prekaritateak zuzenean kolpatzen die langile migratu eta arrazializatuei. Nola erantzun ahal zaio egoera horri?

Prekarizazioak eta pobretzeak pertsona guztiak zeharkatzen gaitu, botereak eta kapitalak indartzen jarraitzeko aplikatzen dituzten estrategiak dira. Horrek era askotako eragina du pertsonengan: zatikatzen du, isolatzen du, desmobilizatzen du, beldurra sartzen du, zorra sortzen du; kontrol sozialeko mekanismoak eta mendekotasun ekonomikoa eta subiranotasunarekiko galera uztartzen ditu. Inor ez dago honetatik guztiagatik salbuetsita. Zaila da munstro honen aurka borrokatzea.

Pertsona migratuek eta arrazializatuek, gainera, egoera horiek beste zapalkuntza batzuekin pairatzen dituzte, hala nola, arraza, klase soziala, administrazio-egoera, sare sozialik eza, eskubideei buruzko desinformazioa… Kapitala horretaz baliatzen da, esplotazioa areagotuz eta gaitz guztien erruduntzat hartuz.

Klase sindikatu gisa, sindikatu soberanista, feminista, internazionalista gisa, kontrarelatoa eta langileen arteko elkartasun-praktikak eraikitzeko gai izan behar dugu. Ezin gara etsaiaz erratu, ezta txorakerietan indarrak alferrik galdu ere. Gertatzen ari dena eta gertatzen jarraituko duena oso larria da. Jakitun izan behar dugu langile klaseak dituen gaitasunez eta jakintza kolektiboaz, Euskal Herrian langile klasea subjektu anitza eta askotarikoa den neurrian.

-Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugan gertatzen ari den drama etengabe ari gara salatzen. Zeintzuk dira gure aldarriak horren aurrean?

Kapitalak eta estatu inperialistek ezarritako mugak Euskal Herrian aski ezaguna dugun eraikuntza dira. Bereziki, Irun eta Hendaiakoa, euskaldunentzat hain garrantzitsua dena, gure herria bi estatutan banatzen duelako.

Muga militarizatua, arrazista eta oinarrizko eskubideen urratzailea da. Heriotzaren muga horrek, pertsona migratuen eta arrazisten eskubideen alde lan egiten duten arrazakeriaren aurkako zenbait kolektibok hala deitzen diotenak, agerian uzten du Espainiako eta Frantziako estatuen hipokrisia, bai eta igarobidean dauden milaka migratzaileren biziraupenaren beharra ere, baldintza hobeetan bizitzeko aukerak baino bilatzen ez dituztenak.

Ez diogu begiratzen bizitegi-egitura, aterpetxe, harrera-espazio, etxebizitza eta erroldatze-guneen faltari. Ez da enplegu-mekanismorik edo prestakuntza-mekanismorik ematen, pertsona horiek, gehienak oso gazteak, beren bizitza Euskal Herrian egin ahal izan dezaten. Era berean, ez dugu ikusten zergatik irten diren beren herri eta lurraldeetatik, estraktibismoari, espoliazioari, arpilatzeari eta mendebaldetik ekoizten lagundu dugun garapen-ereduari lotuta. Ez dugu pentsatzen zer izan daitekeen amaiezina dirudien bidaia hori. Ezta Irunera iritsi arte gertatu behar izan dutena ere, adibidez.

LABetik, Euskal Herria harrera-herria izatearen aldeko apustua egiten dugu. Eta horrek eskubideak, aukerak, aitortza eta enpatia dakartza berekin; hurbiletik, auzokideengandik eta elkarrekin bizimodua egitetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.