2024-11-26
HomeEkintza SindikalaAitor eta Arkaitzen epaiketa bertan behera utzi eta langileen grebarako eskubidea babestea...

Aitor eta Arkaitzen epaiketa bertan behera utzi eta langileen grebarako eskubidea babestea eskatu dio Jaurlaritzari Salatutako langileen plataformak

Gaur epaitu dituzte Aitor eta Arkaitz Bizkaiko metalgintzako langileak, herrialdeko hitzarmenaren aldeko grebetan parte hartzeagatik. Fiskalak 12 hilabetetako kartzela zigorra eskatzen du eurentzat eta Eusko Jaurlaritzak, 23 hilabekoa.

Salatutako langileen plataformak mobilizazioa egin du epaiketaren aurretik Bilbon, Barroeta Aldamarreko epaitegien aurrean eta metalgintzako hamarnaka langilek hartu dute parte bertan. Plataforma honek lan-gatazketan errepresioaren jomuga izan diren hainbat langilek osatzen dute.

Zigor Azpiolea plataformako bozeramaileak adierazi du epaitutako bi langileak atxilotu zituzten egunean grebaren jarraipena masiboa izaten ari zela eta egindako mobilizazioak oso arrakastatsuak izan zirela. “Antza, hau ez zen patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren gustukoa. Eguna lehertzea erabaki zuten eta horretarako, Ertzaintza bidali zuten eta ondorioak gaur ari gara ikusten, Bilboko Justizia Jauregi honen aurrean. Badakigu honelako borroka agertokiek desoroso jartzen dituztela patronala eta Jaurlaritza, suposatzen dutelako aitortzea merezi duela lan-baldintza duinen alde borroka egiteak. Horren ondorio izan baitzen ondoren hitzarmena sinatzea”.

“Bi lankide hauei gure babesa eskaintzeaz gain, etorri gara Eusko Jaurlaritzari exijitzera epaiketa hau bertan behera utz dezala eta behingoz, horrelako jarduerak bertan behera utz ditzala. Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da langileen grebarako eskubidea babestea, horrelako egoerak ez probokatu ez sustatzea. Honek argi erakusten du patronala zein Eusko Jaurlaritzak estrategia berdina jarraitzen dutela, eta Ertzaintzaren ondorengo jarduerek erabaki politiko bati erantzuten diotela. Azken honi dagokionez, nabarmendu beharrekoa da oso bortitzak izaten direla eta honen ondorioz, epaiketan ez da soilik landuko bi langileen kontrako kasua. Epaituak izango diren langileek ere demanda jarri zioten Ertzaintzari, atxiloketak oso bortitzak izan zirelako eta biek ere ospitalean artatu behar izan zituztelako”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.