2024-12-21
HomeEkintza PolitikoaBereziki lan baldintza prekarioak nagusitzen diren sektore zein kolektiboetan egin du langabeziak...

Bereziki lan baldintza prekarioak nagusitzen diren sektore zein kolektiboetan egin du langabeziak behera

Gaur publiko egin diren datuen arabera, langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian. Joan den hilabetean baino 3.566 langabe gutxiago daude. Herrialdeetako datuak aztertuta, jaitsiera handiena Nafarroan izan da, %4,1eko jaitsierarekin.

Langabeziak orokorrean behera egin badu ere, batik bat gazteen langabeziak egin du behera gehien, %9,8 hain zuzen ere. Datua bere horretan ona izan arren, gazteen enpleguaren kalitatea kezka iturri da, lan baldintza prekario eta ezegonkorrak izan ohi dituzte.

Datuak sektoreka aztertuz, kopuru absolutuetan, zerbitzuak sektorea da langabe kopurua jaitsiera handiena izan duen sektorea, Hego Euskal Herrian 1.709 langabe gutxiago hain zuzen ere. Proportzioak aztertuz, ordea, lehen sektorean jaitsi da gehien langabezia, % 8,94, alegia.

Nafarroan, aipatzekoa da langile migratuen langabeziaren jaitsiera, aurreko hilabetearekin alderatuz % 16,93 jaitsi baita. Zehatzean, langile migratuen langabezia lehen sektorean jaitsi da gehien Herrialde honetan lehen sektoreak izan duen langabezia jaitsierarekin (% 14,47) elkar-lotzen badugu datua, sortu den enpleguaren baldintzak kezka iturri nagusi bilakatzen da.

Estatu espainiarreko datu estatistikoek adierazten digute behin-behinekotasunak behera egin duela, baina kontutan hartu behar dugu kontratu mugagabeen % 36,2a aldizkako finkoak direla. Lautik bakarra jardunaldi osoan. Hego Euskal Herrian kontratu finko guztietatik % 20 dira aldizkako finkoak, apirila erdialdean kaleraturiko azken datuen arabera.

Lan erreformaren ondorioak nabaritzen hasiak gara eta esan dezakegu aldizkako kontratu finkoak ugaltzeko joera nagusitzen ari dela, ezegonkortasun forma berriak legez estaltzeko aukerari bide emanez. Era berean, lan erreformarekin iruzurra egiteko zirrikituak ere handitu direla salatu nahi dugu. EAE-ko Lan Ikuskaritzak 9.950 aldizkako kontratu errebisatzea eskatu die 3.559 enpresei, aldizkako kontratu finkoak modu irregularrean erabiltzeagatik (aldi baterako kontratuak kateatzeko baimendutako gehieneko aldiak gainditzen dituztelako). Patronalaren interesen araberako lan erreforma honek ez du langileontzat paradigma aldaketarik suposatu eta ikusteke dago lan baldintzetan izango duen eragina.

Bestetik, zerbitzu publikoetan martxan jarri diren egonkortze prozesuek behin-behinekotasunarekin ez dute amaituko, prekaritate zein ezegonkortasuna estruktural bilakatuz. Legeak ezarritako behin-behineko tasa %8ra murrizteko betebeharra ez da bermatuko. Modu honetan, erakunde publiko handietan batik bat (Osakidetza edota hezkuntzan kasu) behin-behineko tasa % 20tik gora geldituko da.

Langileak prekarizatu eta pobretzen gaituen ereduan sakontzeko erabakia hartuta dago. Pandemia eta Ukrainiako gerra tartean egonik ere, oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, kapitalismoa, bidegabea ez ezik, bideraezina ere badena. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean, kapitala metatzen jarraitzeko pertsonak zein natura bidegabeki ustiatzen duen kapitalismoa.

LAB sindikatuaren X. Biltzar Nagusian berretsiko dugun bezala, bizitza duina ziurtatzeko Euskal Errepublika Sozialista, Feminista eta Euskalduna behar dugu. Norabide horretan, eredu ekonomiko eta sozial berri baterako errotiko aldaketak borrokatzea dagokigu. Tantaz tanta, bagara-bagoaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...