2025-04-18
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko legeak islatu, aitortu eta babestu nahi...

Salatu dugu transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko legeak islatu, aitortu eta babestu nahi duen genero-identitateen aniztasuna ez dela lan mundura iritsiko

LABeko kide Izaskun Guarrotxenak agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeko eta haien eskubideak aitortzeko EAEko legea aldatzeko lan batzordean. Honela, ekainaren 28ko 14/2012 Legea bigarren aldiz aldatzeko eztabaidan parte hartu dugu eta bertan salatu dugu legeak islatu, aitortu eta babestu nahi duen genero-identitate aniztasuna lan mundura ez dela iritsiko. Diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu, eskubide formalen aitortzak formalismo hutsa izaten jarraituko du. 

Estatuko datuen arabera, LGTBI kolektiboaren %86,6ak genero-identitatea edo sexu orientazioa ezkutatzen du lan elkarrizketetan. Adierazgarria da, oso, egoera latzena izkutatzerik ez duten trans kolektiboan ematea, non langabezia %80koa den.

Ez ditugu EAEko daturik. Lege proposamen hau inolako diagnostikorik gabe egiten ari dira. Eta ez dugu ikusten nola gaindituko den huts egite hori, lege proposamenean ez delako kolektiboaren benetako argazkia egiteko tresnarik aurreikusten. Hori da gure lehenengo kritika eta ez dugu uste huts egite txikia denik. 

Genero-identitate aniztasuna egon badago euskal jendartean, ez da lege honen ondorioz sortuko. Legearen helburua diskriminazio iturri ez izatea eta eskubideetan berdinak izatea omen da, baina ez da gaur egun bizi duten errealitatea zenbaterainokoa den baztertzailea aitortzen, ezta erakusten ere.

Transitoak oso anitzak izan daitezkela pentsatzen dugunez, ez gaude ados sexologiaren ikuspegira mugatzen den eta binarismotik abiatzen den ikuspegiarekin. Baina ikusten dugu transexualitatea eta transgeneroa kontzeptuak kokatzea urratsa dela. Orain, lan munduari dagokionez, lan eskubideei eta enpleguaren ondorioz sortzen diren eskubide sozialei dagokienez, lege honek ez du urrats errealik ekarriko ez duelako lan merkatuan eragiteko inolako neurri errealik ezartzen. 

Enpresaren borondate onean oinarritzen dute diskriminazioarekin bukatzeko bidea. Ez dago betebeharrik, ezta eskubideak ziurtatzeko administrazioak bereganatu beharreko konpromisorik ere. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna erreala egiteko bidearekin gertatzen den bezala, lege honek ez du ezer aldatuko. Trans pertsonak baztertuko dituztenean, euren bizkarrean jarraituko du diskriminazioa genero-identitateagatik izan dela erakusteko zamak. Enpresak eta enpresariak ardura oro sahiestuko dute. Eta lantokietan diskriminazioaren kontra borrokatzen ari garenok eraginkorrak diren lanbaesik gabe jarraituko dugu.

Trantsizioa egiteko eskubidea aitortu eta bidea dagoela ziurtatuko bada, erabaki hori askatasunez hartzea bermatu nahi bada, ziurtatu behar da transizioa ez dela bizi baldintza duinak edukitzeko arazo eta oztopo izango. Orain ez dago horrelakorik, lege hau dagoen bezala onartuz gero, berdin jarraituko dugu. LABetik proposamen zehatzak eraman ditugu, benetako neurriak eskatu ditugu, horien arabera finkatuko dugu gure jarrera lege aldaketa hauen aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.