2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaArabako metaleko hitzarmena, iruzur hutsa

Arabako metaleko hitzarmena, iruzur hutsa

Hedabideetatik jakin izan dugu SEA patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek pasa den uztailean iragarri zuten aurreakordioa sinatu dutela. Eskandalagarria da. Lotsagarria. 6 hilabete behar izan dute adostutakoa sinatzeko? Ez, ez da batere serioa, prozesu osoa batere serioa izan ez den bezalaxe. 

Dagoeneko CCOO eta UGT sindikatuak patronalaren morroiak bilakatu dira, patronalari joku zikina egin baitiote. Arabako metaleko hitzarmena hobetzeko borrokatu beharrean, borrokari uko egin eta patronalak eskatzen zuen guztiari men egin diote. Ez, sindikatu hauek ez dute hitzarmena berreskuratu, besteak beste, Epaitegi Gorenak hitzarmena indarrean zegoela argi utzi zuelako. Aldiz, hitzarmena oparitu egin diote patronalari, hau hobetzeko borrokari uko eginez. SEA patronalak erakutsitako jarrera zurrunaren aurrean, begi bistan zegoen ezinezkoa zela hitzarmen ona lortzea borroka egin gabe. Egunotan, Gipuzkoako papergintzan sindikatu guztiak batera borrokatzen ari garen honetan, Arabako metalgintzan, UGTk eta CCOOk ez borrokatzea erabaki zuten. Zergatik? Zer aldea zegoen SEA eta Adegiren artean sindikatu hauen erabakia justifikatzeko? Emaitza argia da: Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sektoreko langile guztientzat erreferentziala den bitartean, Arabako metaleko hitzarmena Euskal Herriko metaleko hitzarmenik kaskarrena da. Beraz, SEArentzat pagotxa.

LABek hitzarmen honen aplikazioa zailduko du, Arabako metaleko enpresetan berau hobetuko duen proposamena aurkeztuz. Izan ere, Arabako eragin mugatuko hitzarmenak ez du sektoreko gehiengo sindikala errespetatzen, ezta langileen baldintzak hobetzen ere. LABek ez dio normaltasuna emango ohikoa ez den egoera bati, ez Araban ez inon. Irtenbidea ez dator patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatzetik, Gipuzkoako papergintzan sindikatu guztiak egiten ari garen bezala borrokatzetik baizik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.