Egiturazkoak diren baina lanpostuen zerrendetan azaltzen ez diren milaka lanpostu deialdi hauetatik kanpo geldituko dira. Nafarroako Gobernuak egin duen moduan, Eusko Jaurlaritzak ez ditu egonkortze prozesuak langileak finkatzeko behar bezala baliatu, eta kasu askotan negoziazio prozesuak antzerki bihurtu ditu. Eusko Jaurlaritzaren administrazioetan akordioak erdiestea salbuespena bihurtzen ari da, eta iruzurra eta prekaritatea inposatzen jarraitzen du.
Pasa den urte amaieran 20/2021 Legea Madrilen onartu zenetik, administrazio publikoetan egonkortasun prozesuak bultzatzeko epeak aurrera joan dira. Ekainaren 1erako argitaratuta egon behar dira deialdi guztiak; data gainean dugu eta balantzea ona ez dela esan behar dugu. Administrazio gehienek azken orduan aurkeztu dituzte beraien lehen eta azken eskaintzak. Tamalez, Eusko Jaurlaritzaren jokabide honekin ohituta gaude, negoziazio eremua ireki eta egun berean ixtea, alegia. LABek helburu argia jarri dio egonkortasun prozesuen lehen fase honi; egiturazko lanpostu guztiak prozesu hauetan barneratzea, bai lanpostuen zerrendetan jasota daudenak zein ezkutuan diren lanpostuak. Jakin badakigu behin-behineko langileen kopuru handi bat ezkutuan diren lanpostuetan aritzen direla, urte luzez ziurgabetasun egoera batean eta iruzurra betikotzen hain zuzen.
Madrilen onartutako legearen helburua behin-behinekotasun maila % 8an kokatzea da, eta, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen ari dituen deialdiak ikusita, ezinezkoa izango da helburu hori 2024 urte amaierarako betetzea. Kasu gehienetan negoziazio falta ikaragarria izan da, hala nola Osakidetzako sektore mahaian izandako prozesua. Osakidetzan gaur egun 29.000 langile inguruko egiturazko plantila onartuta dago, eta gaur egun 16.000 langile inguru dira plaza baten jabe. Horrek esan nahi du 13.000 egiturazko lanpostu behin-behineko langileen bidez betetzen direla. Hori gutxi balitz, Osakidetzako zuzendaritzak berak egiturazko plantilan 3.000 lanpostu gehitzea proposatu izan du, gaur egun ezkutuan egon daitezkeen horietakoak hain zuzen. Egonkortze deialdirako 3.700 plaza planteatu dituzte, agerikoa beraz deialdi honen ez-nahikotasuna. Ildo beretik doa hezkuntzako sektore mahaian egiten ari den negoziazio prozesua. Eskoletan egiturazko lanpostuak zehaztu eta hauek egonkortasun deialdian barneratzeko borroka abiatu behar izan dugu sindikatuok, Hezkuntza Sailaren eskaintza baldintzatzeko. Bilboko udal gobernuak ere 114 lanpostu egonkortasun deialdietatik at utzi ditu, sindikatuon eskaerari muzin eginez.
Negoziazio eremu batzuetan ikusi dugun utzikeria eta aldebakartasuna dela eta, egonkortasun deialdi hauetan ekinbide juridikoa ez dugu baztertzen. Beharrezkoa den informazioa bildu, langileekin partekatu eta deialdi hauek epaitegietara eramango ditugu tokian toki sakon aztertu ondoren. Era berean, langileen eta jendartearen hizkuntz eskubideak kalean eta epaitegietan borrokatzen jarraituko dugu. Norbanakoen erreklamazioei dagokionez ere, LABek jurisprudentziak ematen dituen aukerak baliatuko ditu, orain arte egin duen moduan.
Bukatzeko, kontsolidazio prozesuen maratoia bukatu ez dela esan nahi dugu. Urte amaiera arte oinarrien negoziazioetan tematu beharko gara, kasu batzuetan dagoeneko aurreratuak diren negoziazioak, hain zuzen. LABek negoziazio hauetan helburu argi bat du; urte luzez iruzurrean lanean aritu diren langile guztiak beraien lanpostuetan kontsolidatzea. Horretara bideratuko ditugu gure indar guztiak.