2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaErronka demografikoaren eztabaidaren muina lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko politikak dira

Erronka demografikoaren eztabaidaren muina lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko politikak dira

Atzo, erronka demografikoaren inguruko saio monografikoa egin zen Gasteizko Legebiltzarrean. Beste behin, sakoneko eztabaidei eta epe luzeko estrategia integralari bide eman baino Urkulluren gobernuak nahiago izan du eragin mugatua eta isolatuak diren neurrien alde egin.

LABen ustez, erronka demografikoaren aferari ezin zaio politika natalistekin erantzun. Gainera, beste behin ere, emakumeoi gure gorputzekin zer egin behar dugun esaten digute. Emakumeok erreprodukziora dedikatu behar gara. Ezinbestekoa da herritarron lan eta bizi baldintzak duintzeko politika publiko indartsu eta ausartekin sakoneko aldaketak gauzatzea.

Jaiotze tasa baxuen atzean, prekaritate eta pobretze prozesuen hedatzea dago. Ume gutxi jaiotzea arazo gisa saldu digute, baita pentsio prestazioetan eragina izango duela argudiatu ohi da. Baina ez da egia. Benetako arazoa, bizitza duinerako dugun eskubidea ukatzen zaigula da.

Aitortua egonik ere, kalitatezko etxebizitza duina izateko eskubidea ez dago bermatuta, Gaztelagun programak ez du lortzen gazteen emantzipazioa 30 urteetatik beherakoa izatea, zaintza lanen aitortza ezak eta emakumeen bizkarrean jarraitzeak zein sektore feminizatuetan oro har dauden lan baldintza prekarioak bere horretan diraute eta zerbitzu publikoen eraispen etengabearen aldeko politiketan ez dago aldaketarik.

Gauzak horrela, jaio berri diren ume bakoitzeko, hiru urtez 200 eurotako diru laguntza zuzena urrats bat izan daiteke, baina guztiz ez nahikoa da lehen aipatutako eremuetan eskuhartze sendorik ez badago. Era berean, garraio publikoari begirako prezioak aztertzeko konpromisoak gutxirako balioko du garraio publikoaren aldeo estrategia indartsurik ez badago. Eta gutxi balitz, hezkuntza akordioan adostasun zabalez onartutako Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuaren unibertsalizazioa eta doakotasuna atzeratzearen alde bozkatu zuten atzo EAJ, PSE eta PP-k.

Iragarritako neurri zehatzez harago, nola pentsatu daiteke erronka demografikoari behar bezala helduko zaiola zaintza sistema publikoaren inguruko proposamenik gabe? Edota gurera beste herrialdeetatik datozen langile migratuen egoera administratiboa erregularizatzeko ekimen politikorik gabe? Alegia, biztanlegoa zahartzen ari den honetan, zaintza lanetan dihardutenen lanak duindu gabe, lan hauek desfamiliarizatu eta sistema publiko eta komunitarioaren aldeko apusturik gabe eta herritar ugari modu administratibo irregularrean eskubiderik bermatu gabe ez dago erronka demografikoari aurre egiteko modu eraginkorrik.

Horregatik, LABek bere Programa Sozioekonomikoan jaso eta legebiltzarrean aurkeztutako Euskal Lan Kode eta Gizarte Seguratza propioaren aldeko legeen ildotik, besteren artean oradaindutako zaintzagatiko etetearen proposamenaren alde egiten dugu; zerbitzu publikoetan inbertsioak handitu, etxebizitza prezioa mugatzeko neurriak hartu, 30 orduko lanaldi eta gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezarri dadin akordio interprofesionala galdegiten dugu.

Lan eta bizi baldintzak duindu behar dira, bizitza bizigarrien aldeko politika publikoak garatu eta horretarako, enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzeko neurriak eta, batez ere, borondate politikoa behar da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.