2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaLarunbatean Donostian egingo den "Euskara aurrera" manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

Larunbatean Donostian egingo den “Euskara aurrera” manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

Langileok ere “Euskara aurrera!” esateko ordua da. LABek larunbatean Donostian egingo den “Euskara aurrera” manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. Mobilizazioa 17:30ean hasiko da Antiguoko tuneletik eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa buru duen sindikatuko ordezkaritza zabal batek ere bertan parte hartuko du.

Gazteek ahotsa altxatu dute. Euskaraz egin nahi eta ezin. Euskaraz bizi nahi eta trabak edonon. Aisialdirik ez euskaraz, euskarazko edukirik ez pantailetan, egunerokoan euskaraz aritzeko oztopoak… Berreuskalduntze politikak ez dira espero zen fruitua ematen ari eta horretaz aski dakite gazteek, politika horien muinean hazitakoak baitira asko. Ageriko kontua da aspalditik. Baita politika horien erantzule direnen begietara ere. Eta zer esan euskara guztiz diskriminaturik eta isildurik dagoen zonaldeetako egoeraz!

Behin eta berriro esan dugu euskaraz bizi nahi dugula. Behin eta berriro altxatu dugu ahotsa: ez dago euskaraz bizitzerik, lan mundua euskalduntzen ez bada. Euskaldunon eskubide linguistikoak sistematikoki zapaltzen diren eremua da lan mundua. Hala ere, euskararen alde argazkiak ateratzen dituzten berberak dira bidegabekeria honekin amaitu nahi ez dutenak. Patronalak balizko euskara planen inguruan hitz egiten hasteko mahaian jesartze hutsari ere ezetza eman dio.

Eta gobernu eta administrazioak ez dira atzean gelditzen. Batzuek alboz jartzea arte bihurtu dute, dena boluntarismoaren esku utzita. Baina ez dago aurrera egiterik neurri eta erabaki eraginkor eta ausartik hartzen ez bada. Eta jakin badakite. Ezin dugu ahaztu ere Euskal Herriko punta batetik bestera pairatzen ari garen oldarraldi judiziala, inboluzio legal batean gaude.

Hala ere, hainbat eta hainbat gure hizkuntzak atzera egiteko ahaleginetan tematzen diren bitartean, guk “Euskara aurrera!” ozen aldarrikatzen dugu, egunero, nork bere eremutik. Larunbateko manifestazioan aho batez oihukatuko dugun bezala. Euskaraz bizitzeko determinazio osoa daukan komunitatea gara, erasoak eraso eta oztopoak oztopo, mendeetan aurrera egitea lortu duen komunitatea eta amore emateko prest ez dagoena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.