2024-11-26
HomeEkintza SindikalaIrizar E-Mobility-ko garaipenaren ostean, gazte prekaritatea borrokatzeko tresna izateko konpromisoa berretsi dugu...

Irizar E-Mobility-ko garaipenaren ostean, gazte prekaritatea borrokatzeko tresna izateko konpromisoa berretsi dugu #LortuDugu

Irizar E-Mobilityko enpresa batzordean 9 ordezkaritik 8 dira LABekoak. Sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo LABeko ordezkariekin batera azaldu da prentsaurrean, akordioaren edukien berri eman, jasotako babesa eskertu eta gazte prekaritatearen aurka borroka sindikal gehiago pizteko apustua adierazteko.

22 greba egun ostean, Irizar E-Mobilityko langileek onura garrantzitsuak dakartzan akordioa lortu dute enpresarekin. Langileen determinazioa eta batasuna, egindako greba aktiboa nahiz inguruko eskualdeen elkartasuna, funtsezkoak izan dira horretarako. Hona hemen akordioaren edukiak:

-Promozio prozedurak objektiboak eta automatikoak izatea lortu da, lan berdinak soldata berdina izango duela bermatuz.

-Malgutasuna nabarmen mugatu da.

-Kontzialiazioan hobekuntzak lortu dira.

-Txandakako plusa ezartzea lortu da.

-Lan osasunean konpromisoak lortu dira.

-Soldata igoera garrantzitsuak lortu dira, KPItik gorakoak 3 urterako.

-Bidaietarako baldintzak hobetu eta berdindu dira.

Egindako borroka balioan jartzearekin batera, Irizar Taldean irekita dagoen beste auzia konpontzeko deia egin diote E-Mobilityko langileek Irizarreko zuzendaritzari, Alconzan planteatutako 25 kaleratzeak bertan behera utziz.

Baina gainera, E-Mobilityko borrokak gazte prekaritatearen auzia agerian utzi duela nabarmendu du LABek. Izan ere, bataz besteko adina 27 urtekoa izanda, langile hauen lan baldintzak zegokiena baino kaskarragoak ziren, grebari ekin aurretik. Emakumeen edota langile migranteen kasuan bezala, gazteen kasuan ere lan baldintzetan arrakala nabarmena ematen dela argi dago:

-25 urte azpiko langabezia tasa %28koa da.

-25 urte azpiko gazteek, urtean 13.000 euro gordin baino ez dituzte jasotzen, batazbesteko soldata bainokasik 16.000 euro gutxiago. 10 urtetan, arrakala hau %63 hazi da.

-Emakume gazteen kasuan, adinaren araberako arrakalari sexuaren araberakoa gehitzen zaio. Izan ere, 25urte azpiko emakumeek adin bereko gizonezkoek baino %14 soldata baxuagoak dituzte.

Gazte prekaritatea, lan esku merkean oinarritutako eredu ekonomiko baten ondorioetako bat da. Patronalak estrategia desberdinak erabiltzen ditu etekinak areagotzeko: azpikontratazioa, soldata eskala bikoitza, kontratu partzialak, kaleratze merkea, uberizazioa, ABLEak…

Marko legala da Patronalari trikimailu hauek erabiltzea errazten diotena. 80ko hamarkadatik hona Patronalari mesede egiteko hamaika neurri hartu dira lan erreforma bakoitzean. Azken kolpea, PPren lan erreforma izan zen eta Espainiako Gobernuak eutsi egin dio erreforma horren osagai nagusiei, hala nola, estatalizazioa eta kaleratze merkea.

Egoera hau iraultzeko antolakuntza eta borroka sindikala egitea ezinbestekoa da, Irizar E-Mobilityn egin duten bezala. Kasu honetan, langileak LABekin antolatu eta grebara jotzea erabaki dute, enplegu duina bermatuko duen lan ituna lortu arte. Ez da nolanahiko greba izan, gainera: greba zabal eta aktiboa izan da, lantegitik harago zabaldu dena, elkartasuna bilatu duena, gazte esparruan aliantzak bilatu eta aurkitu dituena. Irizarren borrokatu duten langileek, nagusiki gazteak, argi utzi dute, ez daudela prest bizi osorako prekaritatera kondenatu nahi dituen lan harreman eredu hau ontzat emateko. Horregatik, beraien borroka eredu bilakatu da gazte askorentzat. Horrelako borrokak eta horrelako grebak sustatu nahi ditu LABek abian den borroka ziklo berri honetan.

Ildo honetan, kontutan hartu beharra dago antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak ez direla berberak lantokiz lantoki eta eremuz eremu: fabrika batean, ostatu batean, riderren gisa edota etxeko langile gisa. LAB eredu sindikala egoera berrietara egokitzen ari da, birpentsatzeko ariketa etengabea eginez. Gauzak horrela, eremu bakoitzari egokitutako antolakuntza eta borroka eskaintza egitea da LABen konpromisoa. Beti egoera bakoitzari egokituriko borroka molde eranginkorrenak bilatuz. Adunako lantegi batean enpresako itunaren alde egindako borroka honetan bezala, praktiketan ari diren ikasleen eskubideak bermatzeko, riderren harreman laborala aitortzeko edota etxeko langileen lehen hitzarmena ezartzeko borroka egingo du LABek, gazte prekaritateari muga jarri eta enplegu duinaren alde urratsak emateko.

Borroka laboralak sustatzearekin batera, LABek berretsi egiten du Euskal Herriko instituzioetatik egiturazko neurriak hartzeko beharra. Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propio bat eraiki beharra dago, gazte prekaritatea eta oro har lan esplotazioa gure herritik ezabatu ahal izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.