2024-07-03
HomeEkintza SindikalaPatronalaren asmorik okerrenak konfirmatu dira

Patronalaren asmorik okerrenak konfirmatu dira

LABek Erakunde Sindikal eta Enpresarialen Estatutoen Gordailuari buruzko Errege Dekretuari CEOE – CEPYMEk eginiko alegazioak eskuratu ditu. Bertatik ondorio argi bat atera daiteke: CONFEBASK gezurretan ibili da. 2014ko azaroan gure eskuetara iritsitako txosten batean jasotzen zena aintzat hartuta, ELA eta LAB sindikatuak erregistrotik kanpo uzteko asmoa zuela salatu genuen.

CONFEBASKek ukatu egin zuen txosten hori berea zenik. GEZURRETAN ari zen, EGIA BOROBILA zen, guk salatutakoa. Denbora izan da testigu: CEOE – CEPYMEren alegazioetan, CONFEBASKen txostenean agertzen diren alegazioak sartuak daude, ia hitzez hitz. Hori horrela izanik ere, zorionez, Errege Dekretuan (aurtengo ekainean onartua), alegazio horiek ez dira bere horretan onartuak izan.

Guk oso argi genuen CONFEBASK horrelako astakeria bat eskatzeko gai dela. Guk argi dugu patronal autoritario eta antidemokratiko bat dugula aurrean. Guk argi dugu, gure sindikalgintzak traba egiten diola CONFEBASKi.

Salaketarekin batera mobilizatu ginen eta baita instituzioak interpelatu ere. Legebiltzarrean eta Foru Aldundietan, CONFEBASKen asmoak gaitzesteko mozioak sartu genituen. Eragile politikoen gehiengoari, PNV, PSE eta PPri, nahikoa izan zitzaizkien CONFEBASKen hitzak. Berriro ere patronala babestu zuten, patronalari eman zioten sinesgarritasuna, eta gainera, guri giroa zapuztea leporatu ziguten.

Testuinguru horretan Elkarrizketa Sozialeko Mahaia eratu zuten. Guztiz antidemokratikoa, gutxiengo sindikalarekin eta gehiengo sindikala lan mundutik kanporatzea eskatzen ari den patronalarekin.

Argi dago COFENBASKek ez duela bere jarrera aldatuko, Jaurlaritzaren erabateko babesa duelako. Baina ez gaituzte geldituko. Gure lan sindikalarekin jarraitzen dugu, gure egunerokoan, prekarietatearen aurkako borrokan, langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzek Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko erregistratu ditugun mozioak onartu dituzte

LABek azkeneko urteetan hainbat eragilerekin eta familiekin egindako lanaren eta aurrera eramandako greba eta mobilizazioen ostean, 0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan ikasturte honetan doakotasuna ezartzea lortu dugu. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan.

Bat egin dugu ‘La Suizako 6en’ aldeko elkartasun mobilizazioekin

Uztailaren 6an 12:00etan mobilizatuko gara Bilboko Arriaga Antzokitik abiatuta Xixongo (Asturies) sei sindikalistei gure elkartasun internazionalista adierazteko.

Microliquideko Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eskatu diogu zuzendaritzari, %97ko jarraipena izan duen bigarren greba egunean

Arrasateko Microliquid enpresako langileek bigarren greba eguna izan dute gaur, enpresak mahai gainean jarritako eta langileen herenari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) aurrean. Grebaren jarraipena %97koa izan da. Gainera, gaur egin da kontsulta aldiaren lehen bilera.