LABek jakin du Gorabideko zuzendariei aparteko konpentsazio ekonomikoak ordaindu zizkiela 2020ko abenduan. Enpresako gerentziari praktika horri buruzko informazioa eskatu ondoren, enpresak ordainketa horiek egin zirela baieztatu digu. Gorabideko gerentziak ematen duen justifikazioa da zuzendariek konpentsazio hori merezi dutela egindako lan onagatik; gainerako langileek, ordez, ez omen zuten merezi, ez baitute halakorik jaso.
Egoera honen aurrean, LABek honako hau jakinarazi nahi du:
– Enpresak konpentsazioak justifikatzeko emandako argudioak langileen kontrako erasoa dira. Langileok badakigu zein baldintzetan lan egin genuen eta justifikazio horrek dakarren errespetu falta onartezina da.
– Gorabideko langileok 2 urte hauetan NBE egokirik gabe lan egin dugu, kutsatu egin gara, gure familiak arriskuan jarri ditugu, oporrak eta egun libreak galdu ditugu… hori guztia egiten dugun zerbitzu publikoarekiko erantzukizunagatik egin dugu.
– Lan-erritmoak handitu egin ziren, eta, horrekin batera, estresa eta gure osasunean pairatu eta pairatzen ditugun ondorioak etengabeak izan dira. Gorabideko zuzendaritzak ez du prebentzio-neurri gehigarri bakar bat ere aplikatu Gorabiden lan egiten dugun profesional guztiontzat izan diren arrisku psikosozialak arintzeko.
– Urte honen hasieran gerentziak ezarritako lan-egutegiek larriki murrizten dituzte adostuta ditugun kontziliazio- neurriak, eta enpresako behin-behinekotasun-tasa onartezinak izaten jarraitzen dute. Langileen heren batek, gutxi gorabehera, behin-behineko kontratua du.
– Gorabideko zuzendaritzak hiru urtez izoztuta mantentzen ditu gure soldatak, galera ekonomiko larriak argudiatuz, baina badirudi dirua soberan duela langile guztiak mespretxatzeko.
Hau da Gorabideren errealitatea. Bizkaiko Foru Aldunditik 31 milioi euro publiko baino gehiago jasotzen dituen elkarte batek bere langileak gutxiesten dituen praktika bat defendatzen du.