2025-04-11
HomeUncategorizedAldaketari bai, euskarari ere bai

Aldaketari bai, euskarari ere bai

Nafarroan, euskara eta euskaraz aritzen diren irakasleak jo puntuan dauden egun hauetan ezin gaitezke mutu geratu, elebakarraren diktadurapean urte askoz egon ondoren goratu dezagun gure ahotsa eta goratu dezagun gure hizkuntza, euskara.

Hezkuntza Departamentuak egin duen oposizio eskaintzaren aitzakiarekin, sektore erreakzionarioak bere makinaria martxan jarri du, oposizioak bertan behera gera daitezen. Nafarroan bizi garen euskaldun hiztunok urteetan pairatu dugun diskriminazioak jarraipena izan dezan nahi dute batzuk, badakigu beti badirela "nostalgikoak".

Ezin dezakegu ahaztu euskara egoera diglosikoan dagoela, gutxitutako hizkuntza dela, besteak beste, hizkuntzen normalizaziorako estrategiarik ez delako izan. Are gehiago, estrategia bakarra, gutxitzea izan delako.

Bigarren mailako herritar gisa hartzen gaituzte euskaldunok, eta nafar jendartearen gehiengo zabalak ez du nahi ez hizkuntza bazterketarik, ez halako erasorik Nafarroan.

Gaur egungo egoera honek izen-abizen jakineko arduradunak ditu. Arduradun politikoak, kargu publikoak eta halako bidegabekerien aurrean beste alde batera begiratu dutenak ere bai.

Bitxia iruditzen zaigu zapaltzaileak zapalduaren papera hartu izana, borreroak biktimaren papera hartzen duenean, orduan bai esan dezakegu egoera disfuntzional baten aurrean gaudela.

Aldaketaren aro honetan justizia soziala egotea nahi badugu, erreparazioa beharrezkotzat jotzen dugu, euskarak eta euskara jendeak pairatutako kaltearen erreparazioa. Eraldaketa soziala euskaratik izango da ala ez da izango.

Euskara normalizatzeko, beste hizkuntza-politika aktiboa behar dugu, helburu eta epe zehatzak izanen dituena, ikuspegi osokoa, baliabidez ongi hornitua, Administrazio osora zabalduko dena, ongi koordinatua, baita Euskalgintzarekin ere. Erabilera helburu duen politika behar dugu, hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko duena.

Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna eta auzo zein herri guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu behar da; hiztunon eskubideei mugarik ez jartzea bermatu behar da.

Euskaraz bizi nahi dugu eta horretarako beste estatus juridiko bat, beste politika bat, eragile sozial eta politikoen aldetik beste jarrera bat behar da.

Bigarren mailako herritarrak izan nahi ez dugulako, aldarri egin dezagun guztiok batera: "Nafarroan euskaraz ikasi, bizitzeko eskubidea". Alda dezaten, alda dezagun baina beti euskarari bai.

Alberto Goikoa De Lorenzo, Txane Senar Lizarraga, Gorka Bueno eta Ainara Artetxe Azkueta Nafarroako LAB Irakaskuntzako kideak

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismo ekosozialistarako proposamena aurkeztu du LABek

LABek hipotesi batean oinarrituta egin du bidea:posible da energiaren eta materialen kontsumoan desaztea eta langile sektore zabalentzat bizi baldintza onak eraikitzea, baina, horretarako, planifikazioa, jabetza publikoa eta langileen parte hartzea oinarri, merkatuak gidatuta garatu nahi den trantsizio eredua disputatzea beharrezkoa da.

LABek Nafarroako Artxibo Garaikideari bere dokumentazio eta kartelen zati baten lehenbiziko dohaintza egin dio

50. urteurreneko ospakizunen harira eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuan otsailean izan zen 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren harira hasitako artxibo lanean sakontzeko, LABek bertze urrats bat egin du gaur langile borrokan eginiko bere ekarpenaren memoria gordetzeko asmoan, Nafarroako Artxibo Garaikideari eginiko lehenbiziko dohaintza baten bidez; zenbait dokumentu eta kartel eman dizkio.

LABek Aiala Vidrioren inposaketa salatu nahi du negoziazio prozesuan

Aiala Vidrioko zuzendaritza lan hitzarmen berria negoziatzeko prozesuaren hasieran erakusten ari den jarrera erabat onartezina dela uste du.