2024-11-22
HomeEkintza SindikalaGrebara deitu dugu maiatzaren 19rako Gipuzkoako egoitzetan, lan hitzarmenaren eta ratioak hobetzearen...

Grebara deitu dugu maiatzaren 19rako Gipuzkoako egoitzetan, lan hitzarmenaren eta ratioak hobetzearen alde

Gipuzkoako egoitzetako egoera jasanezina da. 5 urte baina gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako.

Argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako.

2 urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia biltzea lortu dugu. Orain, ordea, Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna da mahaia berriro ez blokeatzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik harago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira.

Borroka da bide bakarra. LAB sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko.

Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Hori dela eta, maiatzaren 19ko greba egunera batzen gara eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Zaintza lanak aitortu, zerbitzua hobetu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.