2024-11-22
HomeEkintza Sindikala"Aldundiak du azken erantzukizuna gatazka hau konpontzeko eta grebari amaiera emateko"

“Aldundiak du azken erantzukizuna gatazka hau konpontzeko eta grebari amaiera emateko”

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak garbitzen dituzten EULEN enpresako langileek agerraldia egin dute, 17 greba egun bete dituztenean.

Sindikatuon oharra, larunbatean egindako agerraldiaren harira:

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak garbitzen ditugun EULEN enpresako langileak bildu gara gaur hemen, beste behin ere Foru Aldundiari eta EULENi gatazka honi irtenbidea jartzeko eskatzeko. Greba honek konponbide erraza du, eta negoziazio kolektiboan KPIa ziurtatzea da kontua.

Gaur 17 egun bete ditugu greban, 17 egun borrokan, erosmen ahalmena ez galtzeko. ELA, LAB eta ESK sindikatuok positiboki baloratzen ditugu 17 greba egun hauek, eta argi eta garbi esaten dugu ez garela geldituko enpresaren eta Aldundiaren presioen aurrean.

Enpresa lehenengo egunetik grebarako dugun eskubidea urratzen saiatu zen grebalarien lanak eginez grebalariak ez ziren langileekin, bai grebaren lehen txandan, baita bigarrenean ere.

Baina greba oztopatzeko arma guztiak erabili dituena administrazio publikoa izan da. Aldundiak ez zion utzi joan den ostegunera arte greba-batzordeari eraikinen barrura sartzen. Greba-batzordearen eskubideak urratzen ari zirela jakin arren, ez ziguten sartzen utzi, harik eta lan-ikuskaritzan salatu genuen arte. Grebalariak lantokietan sartzen utzi beste aukerarik izan ez zutenean, bisita- eta plangintza-ordutegiekin baldintzatzen saiatu ziren.

Ez ziren horrekin konforme geratu, eta, behin sartzen utzi behar izan zigutenean, lan- sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuen aurka egin zuten. Greba honetarako gutxieneko zerbitzuak Eibarko Egogain egoitzan ezarri ziren. Langileen Batzordeak eta enpresak gutxieneko zerbitzu horiek nola antolatu adostu zuten, baina diputazioak, greba oztopatzeko asmoz, akordioaren aurka egin zuen.

Aurreko ostiraletik aurrera, Aldundia gezurrekin lan-zuzendaritza presionatzen saiatu da, langileen grebarako eskubidea oztopatzeko eta sektorea desmobilizatzeko helburu bakarrarekin. Argi eta garbi diogu diputazioak gezurra esan duela, Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuak, Eider Mendoza buru duela, lan-zuzendaritzari jakinarazi zion Egogain egoitzan ez zegoela baxera garbirik egun horretan bertan afari-zerbitzua eman ahal izateko. Greba-batzordetik azpimarratu genuen datu hori ez

zela egia; izan ere, afari-zerbitzurako baxera prest zegoen eta hori frogatu ahal izan genuen. Baina diputazioak bere helburuarekin jarraitu zuen: lan-sailari gutxieneko zerbitzuak gehitzeko, egoitzan aparteko garbiketa bat dekretatzeko… esaktuz.

Eta guk geure buruari galdetzen diogu: aparteko garbiketa egoitzan, baxerarik ez dagoelako baxera bazegoela egiaztatu zenean? Argi dago mehatxu horiek guztiek presio politikoei eta erabaki politikoei erantzuten dietela. Gertakarien aurrean, lan- ikuskaritzaren esku-hartzea eskatu genuen, baxera garbia zegoela presaz egiazta zezan. Eta horrela geldiarazi ahal izan genuen egoitzaren aparteko garbiketa.

Baina astelehenean Eulen enpresarekin, Aldundiarekin, Lan Sailarekin eta Aldundiko ikuskaritzarekin bilera batera deitu gintuzten. Bilera horretan, beste behin ere, greba- batzordeari presioa egiten saiatu ziren, gutxieneko zerbitzuen aldaketa onar zezan. Eta batzordearen ezezkoaren aurrean, asteartean Lan Sailak gutxieneko zerbitzuen agindua aldatu zuen, inolako oinarri formalik gabe, praktikan % 50etik % 66ra. Aginduak ohiko langileen % 50 dekretatzen du, hau da, Erresidentzian lan horietan 6 langile daude eta erdiak 3 izango lirateke, eta orain (astearteko aldaketaren ondotik) 4 pertsona joan behar izaten dugu.

ELA, LAB eta ESK sindikatuok salatu dutenez, erabaki politiko bati baino ez dio erantzuten aldaketa horrek; izan ere, frogatuta geratu da greba honetan egoiliarren bizitzarako eta osasunerako eskubidea ziurtatuta dagoela, Egogain Zentroko zuzendariak asteleheneko bileran baieztatu zuen bezala. Horregatik guztiagatik, gutxieneko zerbitzuen aldaketa inpugnatuko dugu.

Irmo salatzen dugu Aldundiaren eta lan Sailaren jarrera, beren indar guztiak inbertitu baitituzte aste hauetan garbitzaileen greba galarazten, gatazka honi irtenbidea ematen saiatu beharrean.

Argi daukagu Aldundiak duela azken erantzukizuna gatazka hau konpontzeko eta grebari amaiera emateko. Gatazka hori ez da konponduko gutxieneko zerbitzuak handituta, ezta enpresa-batzordea presionatuta ere. Gatazka hori konponduko da hitzarmenean KPIa ziurtatzen denean eta langileen aldarrikapenak jasotzen direnean.

Hori dela eta, irmo gaitzesten dugu administrazio osoaren jarrera, beste behin ere, langileei entzun eta haien eskaerei erantzun beharrean, patronalaren alde agertu baita.

Baina ozen eta argi esaten dugu, ez gaituzte geldituko eta ez diogu borrokatzeari utziko borroka hau irabazi arte!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.