2024-07-22
HomeEkintza PolitikoaErroman izan gara, Munduko Federazio Sindikalaren biltzarrean

Erroman izan gara, Munduko Federazio Sindikalaren biltzarrean

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Nazioarteko Harremanen arduradun Koldo Saenzek osaturiko LABeko ordezkaritza batek maiatzaren 6, 7 eta 8an ospaturiko Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) 18. kongresuan parte hartu du Erroman.

Kongresua 2021. urtean ospatu behar bazen ere, pandemiaren erruz atzeratuz joan egin da eta azkenean Italian egun hauetan ospatu ahal izan da. Kongresua oso testuinguru berezian egin da; pandemiak eta honen ondorioek nahiz Ukrainako gerrak baldintzaturiko testuinguru batean.  

Hortaz, kongresu honek berebiziko garrantzia zuen; alde batetik 12 urtez idazkari nagusi George Mavrikosek kargua uzten zuelako, eta, beste aldetik, langile klasearentzat eta Munduko Federazio Sindikalak ordezkatzen duen klase sindikalgintzarentzat erronkaz beteriko garaiak direlako. Urte hauetan guztietan George Mavrikosek egindako lana azpimarratzeko momentua ere bada; Munduko Federazio Sindikalarentzat oso garai zailak zirenean, Idazkaritza Nagusiaren erronka bere gain hartu eta MFS-a etengabeko hazkunde batera eraman du.

Bere hitzartzean, LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu zuen munduan zapaldutako herri eta langileen ondoan borrokatzen duen Munduko Federazio Sindikaleko kide izateak sortzen digun harrotasuna; baita gerra inperialistak areagotzen ari diren garai honetan, bizitza eta herri guztien eskubideak erdigunean jarriko dituzten nazioarteko harreman berrien beharra ere.

Hala, ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakada eta emakumeen nahiz estaturik gabeko nazioen aurkako indarkeria eta jazarpena areagotzen ari diren une honetan, alternatiba badagoela aldarrikatu dugu LABetik; langile klasearen lidergoarekin errealitatea eraldatuko duen ezkerraren eskutik, kolektibo guztien errealitatea kontutan hartuz eta klase sindikalgintza soberanista, feminista eta antiarrazista bat garatuz etorriko den alternatiba, hain zuzen ere.

Era berean, kongresuan zehar 1944ko martxoaren 24an, Alemania naziaren okupazio-tropek egindako Ardeatinako hobien masakrearen ondorioz Erroman eraildako 335 zibil, militar, judutar eta preso politikoen memoria gogora ekarri genuen.

Bestalde, kongresuaren azken egunean Pampis Kyritsis Munduko Federazio Sindikalaren idazkari nagusi berri aukeratua izan zen. Hurrengo 5 urteetan MFSaren zuzendaritza izango den Kontseilu Presidentziala ere aukeratu egin zen, eta bertan berriro ere LAB sindikatuak parte hartuko du; Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak Munduko Federazioa Sindikalean Euskal Herriko klase sindikalgintza ordezkatuko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.