2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaZorionak Euskal Herria! Alternatiben Herria abian da # alterHerria #alternatibaGara

Zorionak Euskal Herria! Alternatiben Herria abian da # alterHerria #alternatibaGara

Egun borobila izan da gaurkoa, mundu berri bat eraikitzea posible dela frogatu dugu. Kolore desberdinetako alternatiba praktiko ugari ezagutu eta saretu ditugu. Oinak lurrean, bai, baina begirada gora, piztu nahi dugun mundu berria amets eta gidari. Mundu hau errealitate bihurtzeko esku askoren beharra izango da. Eskubide Sozialen Kartaren Asanblada osatzen duten eragile sozial eta sindikalek hartu zuten Alternatiben Herria eraikitzeko iniziatiba, baina beste asko eta askok egin dute gaur bat gure ametsekin.

Festa giroa Bilboko kaleetan zabaldu da. Hala nola Sokole, ritmos y experienciasek, perkusio afrikarren laguntzaz, jarri du erritmoa Karpa Nagusian. Beste karpetan ere izan da zer entzun. Bizitza anitzak eta duinak auzoko karpan Puro luegok jarri du giroa—Musika estimulu desberdinez osaturiko nahasketa autokritika sozialaren zerbitzura jarririko letrez osatua— eta Arragoan Mintza poteo kulturala Plaza Berrian hasi eta Areatzaraino joan da Bilboko Berbalagunak eta trikitilarien musika doinuek lagunduta.

Antzerkiek ere lekua izan dute, Latidos del tribunal ek kale antzerki ikusgarria eskaini du indarkeria sexista eta emakumeen giza eskubideen urraketa salatuz. Bestalde, gaur egungo egoera larria bada ere irri egiteko tartea hartu dugu, Auzoekonomian adibidez Feminismo airlines. Las Kapritxosasek gauzak beste era batean egiteko eskubidea aldarrikatzen dute; elkarrekin, irriekin, horizontalki eta zergatik ez: kapritxoa dutelako. Arragoako karpan aldiz Kankaneok Ikuskizun dinamiko, dibertigarri eta zirikatzailea eskaini dute non ikusleek agintzen duten.

Goizean irekitako bideari jarraituz arratsaldean ere mahai inguruak ez dira falta izan. Karpa Nagusian Multinazionalen eta itun komertzialen aurrean Europa soziala izenburupean antolatu den mahai inguruan Frederic Viale (abokatua, ekonomilaria eta Attac Frantziako kidea), Juan Hernández (EHUko irakaslea eta Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kidea), Laura González de Txabarri (ELAko nazioarteko arduraduna) eta Bea Martxueta (LABeko politika sozialeko arduraduna) izan dira. Bea Martxuetaren iritziz “herrien arteko harremanetarako beste eredu bat beharrezkoa da”. Zentzu horretan ezinbesteko ikusten du “Botere finantzarioari aurre egitea, zerbitzu publikoak berreskuratzea, lana eta produkzioa demokratizatzea, elikadura-burujabetza eta nekazarien eskubideak defendatzea, ura izateko giza-eskubidea arautzea, burujabetza energetikoa bermatzea eta herri indigenen bizimodu egokiaren alde egitea”.

Auzkoekonomian ekintzailetasun soziala landu dute arratsalde hasieran eta ondoren Prekarietateari alternatibak aztertzeko tartea hartu dute Igor Mera (ESK), Ana Perez, (STEILAS), Garbiñe Aranburu, (LAB) eta Joseba Villarealek (ELA). Sistema kapitalistak gure bizitzaren arlo ezberdinak prekarizatzen ditu. Egoera honi eta botere ekonomiko eta finantziarioek inposatzen dizkiguten politikei aurre egiteko alternatiba eta ekintzen inguruan hitz egin dute. Garbiñe Aranburuk, ezberdintasunak ezberdintasun, sindikatuok azken urteetan egindako lanaren balio azpimarratu du. Ez du ukatu erronka “zailak” ditugula aurrean baina arduraz jokatu eta erronka hauei aurre egiteko LABek “sindikalgintza eredua birpentsatu eta ekintza sindikala indartzeko” hartu duen erabakiaren berri eman du.

Bestalde hitzaldi eta dokumentalen bidez esperientzia aberasgarriak ezagutzeko aukera izan da. This changes everithing (honek dena aladatzen du) Naomi Klein ikerlari eta idazle Kanadiarraren izen bereko azken liburuaren inguruko filma ikusgai izan da. Horren ondotik Sukaldetik plazara. Ipar Euskal Herriko emazteen askapen mugimenduaren historiaren ingurko ikus-entzunezkoa proiektatu dute. Trantsizio energetikoak abian, Ekuador, Brasil, Kuba, Alemania, Catalunya eta EHko trantsizio energetikoaren ereduak aztertzen dituen dokmentala ikusteko aukera ere izan da. Arrakala, Zer da heteroaraua? Nola egituratzen da bizi garen jendartean? Nola eragiten digu gure bizitzetan eta harremanetan? Galderei erantzuten dien proiektu komunikatikoak ere lekua izan du Alternatiben Herrian. Esperientzietatik asko ikasten delako Autogestioa eta alternatiben eraikuntzan zaintzekoak izenburuko hitzaldian autogestio eta autoantolakuntzan oinarritzen diren lau esperientzia ezagutzeaz gain, funtzionamendu egoki eta osasuntsua bermatzeko zeri erreparatu behar diogun identifikatzen saiatu gara.

Hau gutxi balitz Bilbora gerturatu direnek teoriatik praktikara jauzi egiteko aukera izan dute antolatutako hainbat taillerren bidez. Natura Gure Gaia karpan desobedientziari buruzko taillerrak landu dira (Faktura elektrikoa, Trantsizio energetikoa, haztegi autogestionatu bat nola egin, Hiriko ortuak, teoria eta praktika) eta Arragoan Hezkuntza esperientzien trukaketa izenburupean hainbat tailler landu dira Hezkuntza eremuan egun martxan dauden esperientziak eredu hartuta gure auzo zein herrietan hezkuntza proiektu bat egiteko gakoak eskuratzeko asmoz.

Gaur alternatiba errealitate bihurtu dugu. Gaur kolore eta esku asko elkartu ditugu mundu gris hau gaindituko duen mundu berria argitzeko. Gaurkoa hasiera baino ez da izan. Bihartik aurrera, gaur Bilbon ikusi eta ikasitakoak Euskal Herri osora zabaltzea denon eginkizuna izango da.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.