2024-11-25
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaMotorrak martxan larunbaterako

Motorrak martxan larunbaterako

Alternatiben Herria posible egitetik gero eta gertuago gaude. Bi egun besterik ez zaizkigu falta, hilabete hauetan guztietan bildutako indarrak eta egindako lanak kalera, plazara ateratzeko. 

Urriaren 24an Bilboko kaleak Alternatiben Herriaren eskaparate bihurtuko ditugu. Euskal Herriko 150 eragiletik gora batu gara ekimen honen bueltan, Euskal Herrian inoiz antolatu den ekimenik anitz eta parte hartzaileenaren aurrean gaude. Sekulako lana egin da hilabeteetan eta emaitza ikusteko unea iritsi da. 

Guztion gozamenerako, egitarau konpletoa dugu larunbaterako. Aldarrikapen, gogoeta eta ospakizun eguna izango da. Egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleiho bihurtuko zaigu Bilbo; elkarren arteko topagunea. 

“Bizitza burujabea eskubide osoz” aldarrikatuko dugu. Euskal Herriko eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean badira hamaika pertsona eta eragile egunez egun alternatibak eraikitzeko lanetan. Eragileok elkartu, alternatibak batu eta plazara aterako ditugu egitasmo honi esker.

Sona handiko gonbidatuak izango ditugu gurekin: nazioartetik, Cat Boyd, David Fernandez, Frederick Viale edo Florent Marcellesiren pareko izen handiak. Eta horiekin batera bertoko erreferentzia esanguratsuak, esaterako, Mario Zubiaga, Txutxi Ariznabarreta, Iratxe Ibarra, Oihane Enbeita, Gotzon Barandiaran, Paul Bilbao, Txiki Muñoz, Saioa Iraola, Yolanda Jubeto, Ana Perez, eta LABeko Ainhoa Etxaide, Bea Martxueta eta Garbiñe Aranburu, beste askoren artean. 

Auzolanean aterako dugu aurrera egitasmoa, ehunka lagunen atxikimendua eta ekarpena jaso du dagoeneko Alternatiben Herriak. Baina gehiago behar da, ekimena diruz eta lanez laguntzen jarraitzeko aukera dugu oraindik. Azken txanpan gaude, egin dezagun azken ahalegina. Oraindik ekarpen ekonomikorik egin ez duenak, zabalik du “crowdfundinga”. Eman diezaiogun azken bultzada, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira!

Larunbatean milaka lagun espero ditugu, eta ehunka bolondres arituko gara lanean. Animatu nahi izanez gero, oraindik badago aukera eta beharra. Eman izena. Baditugu Alternatibak, goazen Bilbora!

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.