2024-11-21
HomeLAB Sindikatua2013/2014 LAN URTEAGarbiñe Aranburu: "Errotiko aldaketak behar ditugu; birbanaketa politiken alde eginez eta zaintza,...

Garbiñe Aranburu: “Errotiko aldaketak behar ditugu; birbanaketa politiken alde eginez eta zaintza, enplegua eta ondasuna banatuz”

“Bukatu dira aitzakiak. Errotiko aldaketak behar ditugu. Nola ekarri aldaketak? Gaurko leloan diogun moduan, birbanaketa politiken alde eginez, zaintza, enplegua eta ondasuna banatuz. Banaketa hirukoitza borrokatuz”.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzak dira hauek, Maiatzaren Lehenaren harira Bilbon egindako manifestazioaren osteko hitzartzean esandakoak. Hain zuzen ere, LABeko ordezkariak birbanaketa politiken alde egin eta zaintza, enplegua eta ondasunaren banaketarako neurriak eskatu ditu.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, edozein koiunturak balio die kapitalismoan sakontzen jarraitzeko. Zentzugabea da kapitalismoaren krisiari kapitalismo gehiagorekin erantzutea, baina hori gertatzen ari da. Eta horrela goaz, hamarkadaz hamarkada, desberdintasun sozialak handituz, prekaritatea bizitzaren eremu guztietara hedatuz.

Aldaketa ekonomikoak eta sozialak behar ditugula adierazi du. Kapitalismoari alternatiba eraikitzea mundu mailako erronka globala izanik, herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa dela nabarmendu du; herri burujabetza prozesuak bultzatuz, Euskal Errepublikarako bidean, burujabetza praktikara eramanez.

Idazkari nagusiaren arabera, zehatzak izan gara trantsiziorako proposamena egitean: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzarako Lege propioa lortzen baditugu, banaketa hirukoitzerako proposamenak gauzatzeko moduan izango gara. Azken batean, urratsez urrats, errotiko aldaketa horiek hemen, Euskal Herrian, posible egiteaz ari gara.

Gobernuetatik ez dira bultzatzen eztabaidarik eta neurririk beharrezkoak diren aldaketak bultzatzeko. Ez dago aberastasuna banatzeko politikarik. Patronalaren poltsikoetara diru publikoa bideratzen dute baldintzarik gabe, baina inoiz ez diote patronalari esfortzurik eskatuko.

Lana duindu

Zaintza lanak eta enplegua banatu eta ondasuna birbanatu. Horra hor dirua gero eta esku gutxiagotan pilatzea eragotzi eta langileen arteko arrakalak ezabatzeko neurriak, egoerarik latzenean duten langileak izango direlarik onuradun nagusiak. Hala, politika birbanatzaileen aldeko eztabaida soziala elikatu eta horren araberako akordio sozialak behar ditugula berretsi du Garbiñe Aranburuk.

Lan guztiak aitortu, birbanatu eta duindu egin behar dira, lanaldia murriztuz, sektore feminizatuetako langileen lanari duen balioa aitortuz. Irekiak dauden borroka horietan guztietan hitzarmen duinak lortu arte jarraituko dugu borrokan eta etxeko langileekin egiten ari garen bideak ez du atzera bueltarik.

Soldatak eguneratu eta duindu egin behar dira. Gutxieneko soldata eta KPIaren erreferentzia mantentzen duten soldata igoerak defendatzen jarraituko dugu: “Iritsi da ordua gehiegizko soldatei eta dibidendoei mugak jartzeko”. 

Pentsioetan gauza bera. Ez dugu eros ahalmenaren galerarik onartuko eta adi jarraitzen dugu irekia dagoen erreformaren bilakaera zein izango den. 

Eta bada garaia, aberastasuna birbanatzeko soldatekin batera, zerga erreformari heltzeko. Kapital-errentei zergak gehitu behar zaizkie eta enpresa-mozkinen gaineko zergak handitu egin behar dira.

Birbanaketaren gaineko eztabaida soziala behar dugula azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, berriro ere ondorioak langileengan ez erortzeko. Zentzu honetan, idazkari nagusiak jakinarazi du LABek ez diola zilegitasunik emango eta ez duela parte hartuko langileen eros ahalmenaren galera onartzea dakarren errenta itunean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko...

EH Bilduk “Nazioa Gara” lelopean larunbat honetan deitu duen manifestaziora ordezkaritza bidaliko dugu

EH Bilduk nazio manifestaziora deitu du larunbat honetan, Euskal Herria nazio bat dela eta horren araberako eskubideak dagozkiola aldarrikatzeko. Eskubide horien artean dago, besteak beste, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea; euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea.