LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Radio Euskadiko “Boulevard” saioan elkarrizketatu dute, Maiatzaren Lehenaren bezperetan. Igandeko jardunaldiari dagokionez, sindikatuko ordezkariak adierazi du zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko aldarria eramango dugula kalera: “Beharrezkoa da birbanaketa-politikei buruzko eztabaida abiaraztea”.
Garbiñe Aranbururen esanetan, krisi ekonomiko eta sozial baten testuinguruan gaude, eta, egoeraren gainetik, egungo sistema kapitalista jarri behar da zalantzan. Ildo horretan, idazkari nagusiak ezinbestekotzat jo du soldatak hobetzeko, fiskalitatea erreformatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenak egitea.
Aberastasunaren banaketa gero eta desberdinagoa dela azpimarratu du, eta hori oparoaldi ekonomikoan ere gertatzen dela. Horregatik, birbanaketa-politikei buruzko gizarte-eztabaida irekitzearen alde egin du, uste baitu langileei ahaleginak eskatzen zaizkiela igoerek pertsona guztiei berdin eragiten ez dietenean eta erosteko ahalmena galtzen ari direnean.