2024-11-27
HomeEkintza SindikalaGreba eta mobilizazioetarako deia egiten dugu OEIS patronalak Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena...

Greba eta mobilizazioetarako deia egiten dugu OEIS patronalak Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena inpugnatu duela salatzeko

Maiatzaren 17an, Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioaren epaiketa izanen da. Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) aurrera jarraitzen du zentzugabekeria horrekin, eta, horregatik, egun horretan grebarako deialdia egitea beste aukerarik ez dugu izan, langile guztiok kalera atera ahal izan gaitezen harrapaketa hori argi eta garbi salatzeko.

Greba deialdia Lan Departamentuan erregistratu dugu, eta Nafarroako CEN, ANEIS eta OEIS patronalei ere jakinarazi diegu.

Grebak hiru lan txandei eraginen die (gauekoa, goizekoa eta arratsaldekoa). Hortaz, maiatzaren 16ko 20:00etan hasiko da, eta maiatzaren 17ko 23.59an bukatuko. Horrela, hiru txandek izanen dute greba egiteko legezko estaldura.

Hauek dira grebaren helburuak:

  • Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) Nafarroako Esku-hartze Sozialeko I. Hitzarmen Sektoriala epaitegietan inpugnatu izana salatzea.
  • Sektoreko bi mila langileren lan baldintzak defendatzea; izan ere, hitzarmenari esker, langile horien lan baldintzak hobetu dira, hamarkada luzetan erakundeen utzikeria eta oso soldata kaxkarrak jasan ondoren.
  • Gizarte egoera zaurgarrian dauden herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzu publikoen kalitatea defendatzea.

Era berean, zenbait mobilizazio prestatu ditugu greba aurreko egunetarako:

  • Maiatzaren 7an, 12:00etan, manifestazioa Gurutze Gorriaren egoitzatik abiatuta (Leire kalea 6, Iruña).
  • Maiatzaren 16an, 10:00etan, elkarretaratze burrunbatsua Gurutze Gorriaren Iruñeko bulegoen aurrean.
  • Maiatzaren 17an greba eta mobilizazioak:
    • 9:00etan, giza katea Cáritasek Iruñeko San Anton kalean duen egoitza inguratzeko.
    • 10:30ean, elkarretaratzea Nafarroako epaitegien aurrean.
    • 11:30ean, epaiketa Nafarroako Auzitegian

Mezu hau zabaltzera eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu, greba denon artean prestatu beharra dagoelako. OEISek Nafarroako langileen borondatea errespetatu behar du; bestela, argi eta garbi entzunen digute.

Hurrengo egunetan sortzen diren nobedadeen berri emanen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsua egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Fekoor-eko hitzarmen propioaren alde

Aniztasun funtzionaleko enpresa honetako langileek asteak daramatzate lanuzteak egiten eta hitzarmen propioaren alde mobilizatzen. Gaur, 2 ordutako kontzentrazio zaratatsua egin dute Bilbon, Foru Jauregiaren aurrean, eta euren lan baldintzen hileta antzeztu dute. Abenduaren 3an ere mobilizatuko dira, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, manifestazioa egingo dute 9:30ean, Aldunditik hasita Alhondegiraino, bertan ekitaldia egingo baitu enpresak 12:00etan hainbat gonbidatu instituzionalekin.

Balenciagako langileek mobilizazioei ekingo diete, ontziolaren etorkizunaren alde

Prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, eta enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa iragarri dute. Azaroaren 29an izango da, 18:00etan, ontziolatik abiatuta. Era berean, abenduaren 4an Gasteizen mobilizatuko dira, Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko.
00:01:43

Osakidetzaren pribatizazio politika salatu dugu kontratazio publikoari buruzko jardunaldian

Gaur, Osakidetzako zuzendaritzako kideek jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat erakundetako gerente, zuzendari, arduradun, abokatu eta idazkariak Bilbon bildu dira kontratazioaren inguruko gogoetak egiteko, eta LABetik Osakidetzaren kontratazio politika salatu dugu. Horrela, kanpokaldean kontzentrazioa egin dugu eta sindikatuko bost militantek hitzartzeetako bat eten dute pribatizazioaren kontrako kartelak erakutsi eta leloak ohikatuz.