2024-11-22
HomeEkintza SindikalaOsakidetzari ohartarazi diogu ez garela mahaira itzuliko gure aldarriei buruzko proposamen zehatzak...

Osakidetzari ohartarazi diogu ez garela mahaira itzuliko gure aldarriei buruzko proposamen zehatzak egon arte

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra:

Pasa den apirilaren 1ean egindako bileraren erabateko porrotaren ondoren (horretan Osakidetzak berriro ere agerian utzi zuen negoziatzeko borondate eza eta inposaketaren eta propagandaren bidearen aldeko apustua) pasa den ostiralean, Lehen Arretako greba-egunean, Osakidetzaren jakinarazpen bat jaso genuen. Bertan, jakinarazi zigun Mahaia apirilaren 27an biltzeko deialdia egingo zuela, eta bilera horretan aztertu nahi ditugun gaiak jakinarazteko deia egin zigun.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da mugimendu horrek berriro ere agerian uzten duela mobilizazioak eta grebak bakarrik lortzen dutela Osakidetza bere posizioetatik mugitzea. Azken bileran erabateko immobilismoa erakutsi ondoren, greba egunean bertan, beste bilera-data bat jakinarazi zigun, grebaren eragina gutxitzeko eta orain arte erakutsi ez duen negoziazio-borondatea erakusteko ahalegin batean.

Jakinarazpen horretan, Osakidetzak dei egiten digu bileran aztertu nahi ditugun gaiak zehaztu ditzagun. Osasun Sailak soberan ezagutzen ditu gure aldarrikapenak, horien zer eta nola. Horietako asko Osakidetzako Mahai Sektorialean jorratu dira  bilera ezberdinetan, eta erraz konpon daitezke borondatea badago. Horregatik, azken bileran, Osakidetzari bi eskaera egin genizkion: batetik, berehala gauza daitezkeen eskaerak gauzatu eta abian jartzea; eta, bestetik, gainerako gaien negoziaziorako egutegia egitea, jakitun izanik gai horiek ezin direla negoziatu bilera bakar batean.

Zehazki, eskatzen dugu berehala bete daitezela Mahai Sektorialean hartutako akordioak, besteak beste, Garapen Profesionalekoa; %4 eta txanda osagarria parekatzea; Lehen Arretaren egoerari heltzea eta EAGetako ordutegiak berreskuratzea; eta gainerako aldarrikapenen negoziaziorako egutegi bat egitea. Jakina denez, bi orduko bileraren ondoren, non ez zen inolako aurrerapausorik eman, sindikatuok Mahaia uztea erabaki genuen.

Bada, hiru greba-egun deitu ondoren eta, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, apirilaren 19tik 22ra bitartean greba deituta daukagula, maiatzak 16rako  ospitaleen eta osasun mentalaren sarean, berriro exijitu diogu Osakidetzari berehala bete ditzala abian jar ditzakeen eta zehaztu ditugun aldarrikapenak, eta gainerako edukiak negoziatzeko egutegi bat ezar dezala.

Gogoan izan behar da, Mahai Sektoriala utzi ondoren, edukirik eta negoziaziorik ez zegoelako, pasa den apirilaren 1ean, negoziatzeko gure borondatearen erakusgarri, Osakidetzak deitutako bilerara joatea erabaki genuela. Hala ere, Osasun Sailari ohartarazi nahi diogu, bileran bertan adierazi genuen bezala, ez garela Mahaira itzuliko gure aldarrikapenei buruzko proposamen zehatzak egin arte. Horregatik, dei egiten diogu Osakidetzari bere plantillaren lan-baldintza eskasak duintzeko urratsak eman ditzan, eta bide horretan, gure aldarrikapenei buruzko proposamen zehatz bat bidal diezagun.

Onartezina da Osakidetzak gure aldarrikapenak aintzat ez hartzea eta bitartean, Eusko Jaurlaritzak 2021ean 605 milioi euro aurreztu dituela azpimarratzea, Osakidetzak Lehen Arretan arazo bat dagoela ukatzea eta Arartekoak herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzuari buruz jasotako kexen kopuruaren gorakadaren berri ematea.

Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023ko ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), aurrekontu horren %25 Lehen Arretara bideratuz; plantillen dimentsioa egokitzea, milaka lanpostu sortuz, eta 24.600 langilek baino gehiagok jasaten duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte; galdutako erosahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne; arrisku psikosozialen ebaluazioa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; malgutasun edota kontziliazio neurri eraginkor eta errealak martxan jartzea; konpontzeke dauden gatazkak ebaztea, hala nola, %4, txanda osagarria, mantenimenduko langileen eskaerak eta Santiagoko larrialdien itxiera; eta erretiroa aurreratzeko neurriak martxan jartzea.  

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok negoziatzeko borondate irmoa berretsi nahi dugu, baina Osakidetzari ohartarazi nahi diogu eskatutako norabidean urratsik eman ezean, mobilizazioekin jarraituko dugula eta ez garela Mahai Sektorialera itzuliko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.