2024-11-25
HomeEkintza SozialaEtxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina abiatu dugu Nafarroan ere, langileek bizi duten problematika...

Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina abiatu dugu Nafarroan ere, langileek bizi duten problematika errotik aldatzeko asmoz

LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina aurkeztu du, joan den martxoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egindakoaren ildoan. Une honetan, babestutako etxebizitzak sustatzeko lege proposamena eztabaidagai dago Parlamentuan, etxebizitza legearen garapenaren baitan. Gaur gaurkoz, LABen ustez, labur gelditzen da proposamen hori, ez baitio erantzuten etxebizitzarekin langileek bizi duten problematika errotik aldatzeko asmoari.

ABIATU: LAB sindikatuak Ekintza Sozialeko komunitatea antolatzeko sortu duen tresna, lantokiez harago herri eta auzoetan langileon bizi baldintzak borrokatzeko tresna. Eta Abiaturen lehenbiziko kanpaina etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina izango da. Izan ere, etxebizitza eskubidea bermatzea ezinbestekoa da langile jendearen oinarrizko bizi baldintzak duintzeko. Aitzitik, gaur egun etxebizitza eskubidea merkantilizatu eta espekulaziorako eta aberastasuna metatzeko erabiltzen ari da, ondorio sozial larriak eraginez. Langile jendeak ezinbestekoa du kalitatezko etxebizitza duinerako sarbide unibertsala bermatua izatea. Etxebizitza duinik gabe, nekez eskura daitezke bestelako eskubide sozialak. Etxebizitza eskubidea ukaturik, bizitzaren prekarizazioa kronifikatzen da.

Une honetan, babestutako etxebizitzak sustatzeko lege proposamena eztabaidagai dago Nafarroako Parlamentuan, etxebizitza legearen garapenaren baitan. LABek lege proposamenaren inguruko azterketa sakona egin eta bere proposamenak helaraziko dizkie eragile eta alderdi politikoei.Gaur gaurkoz, lege proposamen horren inguruan esan dezakegu labur gelditzen dela. Ez dio erantzuten etxebizitzarekin bizi dugun problematika errotik aldatzeko asmoari. Nafarroako Gobernuak etxebizitza eskubidea onartuta baldin badu ere, ezin du bermatu eta horrela politika asistentzialistak garatzea besterik ez zaio geratzen.

Etxebizitza parke publiko nahikorik ez eta lege proposamen honen bidez egoera aldatu nahi du. Horretarako alokairua sustatu nahi du. Gobernuak berak egindako azken txostenak argi adierazten duenez etxebizitza publikoaren eskaria 11.000 pertsonatik gorakoa da. Horietatik 7.500 baino gehiago alokairu-eskaerak dira (% 67). Hala ere, etxebizitzen parke publiko osoa batez ere babes ofizialeko etxebizitzena (BOE eta PTE) erosteko da. Hau da, salmenta-prezio mugatua dute, baina etxebizitza esku pribatuetan uztea dute helburu. Alokairu babestua eskatzen duten pertsona gehienak (%74) alokairu librean bizi dira. ISA neurgailua edota alokairuen erregistroa sortzea urratsak izan daitezke, baina ez dira inondik inora ere nahikoak. Besteak beste, ISAn ezartzen diren irizpideek oraindik ere Europa eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ezarritako gehienez diru sarreren %30eko neurgailua ez dutelako aintzat hartzen.

Etxebizitza parkea handitzeko, administrazioak jabego handien desjabetzea egiteko baldintza zailak mantentzen ditu, erabilerarik gabeko etxeak gurean oraindik ere kopuru handian baldin badaude ere.

Eraiki zein egokitu beharreko etxeei begira, ez da kontuan hartzen eskatzaileen kopuru handi bat bakarrik bizi diren pertsonak edo familia gurasobakarrak direla (%72,3). Erosteko Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskaera osoaren %62 bakarrik dauden pertsonak dira. Guraso bakarreko familien %9,6. Alokairu-eskariaren kasuan, %66,5 (%43 bakarrik bizi diren pertsonak; %23,5 guraso bakarreko familiak). Ikuspegi ekologikoaz gain, zaintza beharrak ere kontuan izan behar dira politika publikoen garapenerako, eta hauek ez dira inon agertzen.

Kontua ez da lege bat edo beste. Kalitatezko etxebizitza izatea eskubidea da, horrela dauka ere onartuta Parlamentuak, baina egun eskubide izatetik urrun kokatzen da: pribilegioa da. Nafarroako herritarren erdia baino gehiago da alokairuan edota hipoteken bidez oraindik ere etxebizitza gastuei haien diru sarreren zati handiegia bideratu behar diotenak.

Horregatik, ABIATU ekintza sozialeko komunitatearen bidez kanpaina honi hasiera eman diogu Nafarroan: egoera sozializatu, salaketa ekimenak antolatu eta proposamen politikoak egiteko. Hauek dira LABen aldarrikapen nagusiak:

  1. Etxebizitza eskubide subjektibo erreala bilakatzea. Horretarako etxebizitza desmerkantilizatzeko politikak behar ditugu.
  • Alokairu sozial arautua lehenestea.
  • Gehienez, diru sarreren %30 etxebizitza gastuetarako dela bermatu, %15 larrialdi egoeran edota etxebizitza publikoetan.
  • Parke publikoa handitu, horretarako jabego handiak desjabetu.
  • Etxegabetze guztiak, hipoteka zein alokairuzkoak, gelditzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.