2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLan heriotzak eta gaixotasun profesionalak %10 baino gehiago handitu dira 2021ean

Lan heriotzak eta gaixotasun profesionalak %10 baino gehiago handitu dira 2021ean

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, 2021eko Hego Euskal Herriko lan istripuei buruzko txostena aurkezteko, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna den apirilaren 28aren atarian.

Hala, gehiengo sindikaletik gutxienez 68 lan heriotza zenbatu ditugu 2021ean. Datu negatibo horrek erakusten du aurreko urteetako joerarekin jarraitzen dugula. Pandemiaren ondorioz 2021ean mugak eta murrizketak izan diren arren gizartean zein lanean eraginez, laneko ezbeharrek nabarmen egin dute gora 2021ean. Laneko istripuek eta laneko gaixotasunek gora egin dute lurralde guztietan: EAEn %10,2 eta Nafarroan %16,7, 2020an erregistratutako datuekin alderatuta.

Iaz, EAEn egunero gutxienez 205 pertsonak izan dute lan istripuren bat; Nafarroan 30 izan dira. Laneko gaixotasunei dagokienez, estatistika ofizialetan salatzen jarraitzen dugu azpierregistroa. Hego Euskal Herrian soilik gutxienez 12 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako patologiengatik, baina asko ez dira laneko gaixotasun gisa deklaratzen; beraz, estatistika ofizialak ez dira errealitatearekin batere fidelak. 2021ean, estatistika ofizialek 35 lan heriotza jasotzen dituzte EAEn eta 13 Nafarroan, aurreko urtean baino 8 eta 2 langile gehiago hil ziren, hurrenez hurren. Gehiengo sindikalak, ordea, 48 lan heriotza zenbatu ditu EAEn, eta 20 Nafarroan, informazioa eskuratzeko aukerarik ez izatearekin batera.

Lan heriotzen artean, %26 ez traumatikoak izan dira, %14 altueratik erorita, %22 initinere, %28 harrapaketa edo kolperen baten ondorioz. Bestetik, % 19 azpikontratatuak ziren eta hildakoen %15,6 garraiolariak.


Industriaren sektorean izan dira lan heriotza gehien (% 44), zerbitzuen sektorean ondoren ( %28) eta eraikuntzaren sektorean (%11). Aipamen berezia merezi du basogintza sektoreak, 2021ean 6 langile hil baitira, guztizkoaren % 13. Arrantzale bat, nekazaritza sektoreko langile bat, 17 pertsona amiantoaren eraginpean eta 10 garraiolari hil dira. Era berean, gure estatistiketan erregistratuko ez ditugun arren, bi langile hil zituzten Burkina Fason, kazetari lanetan ari zirela.

Zifren dantza alde batera utzita, datu horien atzean ezkutatzen dena da lan istripu bat edo lanetik eratorritako gaixotasun bat hurbil-hurbiletik bizitzea lehen eskutik ezagutu duten pertsonen eta familien sufrimendua eta mina. Hego Euskal Herriko lan istripuei buruzko datuak ulertezinak dira, eta are gehiago kontuan hartuta istripu eta gaixotasun profesional oro saihets daitekeela baliabide tekniko eta giza baliabide egokiak jartzen badira. Hemen huts egiten jarraitzen da.

Ez da diru nahikorik bideratzen lantokietan segurtasun baldintza egokientzako inbertsioari aurre egiteko. Enpresak prebentzioan gastatu behar du, langileei oinarrizko baldintzak emateko. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ez dituzte prebentzio politikak aldatzen, eraginkorrak ez direla ikusi bada ere, eta ez dira langile gehiago kontratatzen enpresetan prebentzioa egoki bermatzeko. Horregatik, Lan Ikuskaritzan eta Osalanen langile teknikoak gutxienez 100 gehiago izatea eskatzen dugu EAEn eta 50 gehiago Nafarroan, Europar Batasunarekin parekatzeko eta arrisku edo ezbeharrak dituzten enpresak hurbiletik ikertzeko.

Hori aldatzen ez den bitartean, prekarietateak enpresetan jarraitzen duen bitartean, urtero 50 pertsonatik gora hilko dira lanean Hego Euskal Herrian. Sindikatuak hori gerta ez dadin lanean jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.