Zamudion dagoen Ingemat enpresako langile baten heriotza baten berri izan dugu. G.M.G. 59 urtetako langilea apirilaren 6an hil zen lan-istripu ez traumatiko batean. Gogoan izan behar dugu egun berean hil zela arrantzale bat Santoñan (Kantabria), berdelaren kanpainan izandako beste lan-istripu ez traumatiko batean. Horrela, Euskal Herrian gutxienez 17 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz 2022an.
LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildako langileen senideei, gertukoei eta lankideei.
Traumatikoak ez diren istripuak lan-istripuak dira. Ez dira kasualitatez gertatzen lan-ordutegian, ez zorte txarragatik, ez halabeharragatik, enpresaburuek dioten bezala. Frogatuta dago lan-baldintzak, presioak eta estresa funtsezko faktoreak direla istripu kardiobaskularretan, eta horiek bihurtu direla lan-istripuen kausa nagusia. Urteko istripu guztien % 25 baino gehiago izaten dira ez traumatikoak, eta aurten jada 3 langile hil dira kausa horren ondorioz.
Istripu honen eta lan-istripu guztien atzean langile-klasearen lan- eta bizi-baldintzak daude, nahiz eta horiek faktore anitzekoak izan, lan-baldintza txarrek (lan-erritmo altuak, presioak, lanaldi luzeak…) estresa eta bestelako gaixotasun kardiobaskularrak eragiten dute, eta horrek patologia ugari eragiten dizkie langileei.
Lana eta bizitza duina izateko eskubidea dugu, lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko eskubidea dugu. Lan- istripuak ez dira gertakari isolatuak; produkzio-eredu baten isla dira, non ekonomia da nagusi, langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik.
Asteazkenean, apirilaren 13an, euskal gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du Hondarribian, hildako arrantzalearen heriotza salatzeko, “Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehigorik ez” lemarekin. 11:30ean izango da, Kofradian.