2025-03-11
HomeEkintza SindikalaLanuzteak egin ditugu Arabako metalgintzan, lan baldintza duinen defentsan

Lanuzteak egin ditugu Arabako metalgintzan, lan baldintza duinen defentsan

LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok aurrerapauso bat ematea erabaki dugu eta gaurko, apirilaren 8rako, bi orduko lanuzteak deitu ditugu Arabako metalgintza sektorean: 4:00etatik 6:00etara; 12:00etatik 14:00etara; eta 14:00etatik 16:00etara.

Lanuzte hauek mobilizazio batzuen lehen urratsa dira, eta, SEA patronalak ez badu erremediorik jartzen, mobilizazioetan sakonduko dugu. Hain zuzen ere, hiru greba egun deitu ditugu maiatzerako, beti ere hitzarmen duin baten alde.

Argi dugu soilik lanuzteekin eta grebekin lortuko ditugula lan-baldintza duinak sektorean: soldata duinak, erosteko ahalmena galdu gabe; lanaldi jaitsiera; azpikontratetan benetako subrogazioa; prekarietatearekin amaitzea; lan osasunaren arloko neurri eraginkorrak; benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

Lanuzteen jarraipenaren datu batzuk:

-CONDESA, %80 (tailerrean)

-SDA Factory, %95

-SNA Europe, %50

-Industrias Dimo, jendetsua

-Castmetal Vitoria, jendetsua

-OSG comaher, jendetsua

-Inoxidables de Euskadi, jendetsua

-Ferrovial Servicios Mercedes, jendetsua

-TaBe, jendetsua

-Inmepre, jendetsua

Sindikatuon ohar bateratua:

Gaur, Arabako metalgintzako langileek aurrerapauso bat eman dute, jauzi kualitatibo bat patronalaren immobilismoaren aurrean.

Deialdia egin dugun 5 sindikatuok uste dugu hau dela unea plantilak aktibatzeko, gelditzeko, kalera irteteko, lanuzte edo greba moduan, eta horregatik azken unera arte deialdi bateratua egiten saiatu gara.

Ezinezkoa izan bada ere, gaur egun sindikatu guztietako ehunka langile ari dira parte hartzen lanuzte horretan, eta jarraipen handia izaten ari da. Ildo horretan, azpimarratu nahi dugu SDA Factory, Condesa eta beste enpresa batzuetako ekoizpena geldiarazi egin dela, eta beste enpresa askotan ere baldintzatuta gelditu dela, besteak beste, Mercedesen eta Michelinen.

Era berean, ehunka langile mobilizatzen ari dira lurralde osoan Arabako metalgintzan lan-baldintza duinen alde, Aiaratik Errioxara, Lautada eta Añanatik pasatuz eta, jakina, baita Gasteizko industrialdeetan eta inguruetan ere.

Gaur, Arabako Metalak SEA patronala interpelatu du sektorearen arazoei erantzuteko eta hitzarmen bat adosteko, honako edukiekin: KPItik gorako soldata-igoerak, lanaldia nabarmen jaistea, azpikontratetako langileen benetako subrogazioa, malgutasuna eta behin-behinekotasuna mugatzea, benetako berdintasuna eta laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak, pertsonak zentroan jarriko dituzten baimenak eta hobekuntzak…

Datorren hilaren 12an, SEAk beste aukera bat du norabide horretan aurrera egiteko, Arabako metalaren borrokak aurrera jarraitzen duelako eta areagotuko da, maiatzeko grebekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

LABek eskubide murrizketa salatu du Bilboko El Corte Ingles-en

LAB Bilboko El Corte Ingles-en aurrean mobilizatu da langileen lan-baldintzen errealitatea enpresak saltzen duen bikaintasun-iruditik oso urrun dagoela salatzeko.

GUREAKek laneko bajak ez izatera kondenatzen ditu aniztasun funtzionala duten langileak

Mutualia erabiltzen du horretarako, ez baitu onartzen laneko istripuen jatorri laborala. Langileen minusbaliotasunak koartada gisa erabilitzen ditu, eta, hala, lanak eragindako kalteak aitortzea saihesten du.