2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaKoldo Fernandez berehala berronartzea eskatzen dugu

Koldo Fernandez berehala berronartzea eskatzen dugu

Gaur kontzentrazioa egin dugu Bilbon, Zabalburuko Carrefour Marketeko saltokiaren atarian, Koldo Fernandezi babesa emateko eta bere lanpostua berronartzea eskatzeko.

Koldok jazarpena jasan du bere lantokian, zuzendaritzak jazarri du. Urte askotan zehar jasan du jazarpena. Arrazoia, antolatu eta langileen eskubideen alde borrokatzea, enpresa batzuk nahi ez dutena eta bide guztietatik eragotzi nahi dutena. Berdin die horretarako gezurretan ibili eta manipulatzen ibiltzeak.

Lehenik eta behin Koldok hitz egin du eta ondoren, Xabier Ugartemendiak, LAB sindikatuko Zerbitzu Pribatuen Federazioaren arduradunak.

KOLDO FERNÁNDEZen adierazpenak

Koldo Fernandez naiz. 55 urte ditut. 37 daramatzat Carrefourren lanean, azken 28ak nire lankideen ordezkari bezala LAB sindikatuaren eskutik. Urte guzti hauetan, gure eskubideen eta langile guztientzako lan-baldintza duinen alde egin dut borrokan nire lankideekin batera.

Abuztuaren 1an espedientea zabaldu zidaten bezero bati erosketa ez kobratzearren. Hori ez zen horrela izan. Astebete beranduago, enplegu-suspentsioa luzatu zidaten eta abuztuaren 27an, kaleratze gutuna eman zidaten. Urte luzez jazarri naute eta zoritxarrez, zigortu nindutenean sortu zitzaizkigun susmoak egia bitarte dira. Paretik kendu nahi ninduten eta kaleratuz egin dute. Horretarako gezurrak eta akusazio faltsuak erabili dituzte.

Carrefourren iritziz, soberan dauden sindikatuak eta euren langileen eskubideak. Langile otzan eta esanekoak nahi dituzte, euren aginduak beteko dituztenak. Gertatzen dena da gu ez gaudela horretarako prest. Eskubideak ditugu, duintasuna daukagu eta buru-belarri saiatuko gara hauen defentsan. Horregatik hasi ginen egunero mobilizazioak egiten zigorraren berri izan genuenean. Berton egin genituen kontzentrazioak, Zabalburuko dendan, Atxurikoan eta Sestaokoan. Eta berronartzea lortu arte jarraituko dugu mobilizatzen. Justizia kontua da. Bat ukitzen badute, guztiok ikutuko gaituzte. Konbentzituta gaude langileon batasun, antolaketa eta borroka dela bide bakarra errespeta gaitzaten eta gure lan-eskubideak berma daitezen.

XABIER UGARTEMENDIAren adierazpenak

Askatasun sindikalari eta langile guztioi egindako erasoa da hau. Alde batetik, Carrefour Marketeko langileen kontra, enpresako erreferente bat galtzen baitute. Berarekin arazoak partekatu eta eskubideen alde borrokatzen ziren. Lankide guztien eskubideen alde. Bestalde, Carrefour Marketeko langileen kontrako erasoa ere bada, hauek ere herri honetako langileak baitira.

Sindikatuan argi dugu ez dugula askatasun sindikalaren aurkako erasorik onartuko. Herri honetako langileok eskubidea dugu antolatu eta etorkizun hobe baten alde borrokatzeko, eskrupulorik ez duten enpresari batzuei gustatu ez arren eta antolatu eta eskubideen alde borrokatzen diren langileak paretik kentzeko gogoa duten arren.

Gaur hemen gaude, Koldoren berronartzea exijitu eta jazarpen sindikaleko kasu berri bat salatuz. Eta horrela egingo dugu gure eskubideak zapaltzen diren bitartean. Bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte.

Bihar kontzentrazioa egingo dugu 12:00etan Sestaoko Carrefourren, Ibarzaharra poligonoan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.