2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaBilboko Tranbiako langileak mobilizazioekin jarraituko dute

Bilboko Tranbiako langileak mobilizazioekin jarraituko dute

EuskoTreneko Batzorde Iraunkorrak nabarmendu du abuztuaren 14an egindako asanbladan langileen %100ak bere ordezkariek hartutako erabakia berresten duela eta ez duela onartzen Eusko Jaurlaritzaren Lan Zuzendariaren bitartekaritza. Era berean, gatazka honek konponbide erraza duela adierazi du: erreserben itzulerak 13 eta 14 txandetara pasatzea, txanda mistoak ezabatzea eta txandek sei itzuli baino gehiago izatea. "Horrela paroak bertan behera geratuko dira" Batzordearen esanetan.

EUSKOTRENeko Batzorde Iraunkorraren irakurketa

«Komunikabideetan abuztuaren 13ko bileran gertatutakoarekin bat ez datozen informazioak agertu dira. Bilera honetara Xabier Losantos Omar, Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendariak, Bilboko tranbiaren langileen ordezkariak eta Euskotreneko zuzendaritzarenak deitu zituen, gatazkan bitartekari izateko helburuarekin. Egindako ahalegina eskertu nahi diogu eta argipen batzuk egin:

– Aipatu ahalegina akordio-zirriborro batean gauzatu zen, alde sozialak baztertu zuena.
– Sindikatuek, euren aldetik, zirriborroari alternatiba bat aurkeztu zuten, Euskotreneko zuzendaritzak baloratu ere egin ez zuena.

Behin aurrekoa esanda, nabarmendu nahi dugu abuztuaren 14an egindako asanbladan langileen %100ak bere ordezkariek hartutako erabakia berresten duela eta ez duela onartzen Eusko Jaurlaritzaren Lan Zuzendariaren bitartekaritza. Era berean, nabarmendu nahi dugu Euskotreneko Zuzendaritzaren eraginkortasun faltak ez duela mugarik.

Lehen momentutik eztabaida eta negoziazioarekiko interés falta argia izan da. Indarrean sartu baino 15 egun lehenago, iazko udakoaren antzeko laneko txandak aurkeztu zituen Zuzendaritzak, hauek sortu zituzten arazoen jakitun. Kuadro hauek suposatzen duten lan-kargak tentsio eta estres handiko momentuak eragin zizkien tranbiako langileei eta enpresak, egoera hau hobetu beharrean okertu egiten du.

Alde sozialaren eskarien aurrean, berriro ezinegona eta arrisku-egoerak sortuko zituzten kuadroen gogortasuna dela-eta, enpresaren “konponbidea” txanda mistoak sortzea izan zen, iruzurraren aurkako funtzioak barnebiltzen zituztenak, estresa are gehiago areagotuz.

Alde sozialak kuadro berriak proposatu zituen. Hauetan iruzurraren aurkako funtzioak desagertzen ziren eta ez zuten ez langile gehiago ez koste ekonomiko altuagoa suposatzen. Ezezko borobilarekin erantzun zion enpresak honi, aukera bakar bezala eurek egindako proposamenak aurkeztuz. Hauxe da EuskoTreneko zuzendaritzaren negoziazioarekiko jarrera.

Zuzendaritzaren ekintza falta kontuan izanda eta gure ezinegona erakusteko paroen ordutegia aldatzea erabaki da eta Zuzendaritzaren erantzuna idatzi bat izan da zeinetan mehatxatu egiten zaigun greba ilegalagatik erantzukizunak eskatuz, eta gainera, aipatzen dute gutxieneko zerbitzuak jartzen ez badira zerbitzua beraren beharra auzitan jartzen dela.

Gure ustez tranbia-zerbitzua zerbitzu ezinbestekoa da eta horregatik, ziurra eta kalitatezkoa izan behar duela uste dugu. Funtzio mistoek, gidatzearenak eta iruzurraren kontrakoak edo lan-karga handitzeak, arriskuan jartzen dute aipatu zerbitzuaren kalitate eta segurtasuna.

Arazoa ez da ez zerbitzua ez bere langileak. Arazoa kudeaketa negargarria da, erantzuleen eraginkortasun falta eta Zuzendaritzaren aldetik dagoen elkarrizketa falta eta inposizioa. Honek ez du proposamen finkorik aurkeztu gatazka hasi zenetik.

Agerian utzi nahi dugu Zuzendaritzaren etika falta. Honek, inolako lotsarik gabe, komunikabideetan erakusten du Bilbo eta Gasteizko tranbietako langileen izena zikintzeko helburuarekin. Argi eta garbi baieztatzen dugu txanda mistoak, gidatzekoak eta iruzurraren kontrakoak, tranbiako gidariek egiten dituztela eta ez direla boluntarioak. Lan Zuzendaritzaren proposamenarekin egoera hau ez zen aldatuko.

Zuzendaritza honen inkonpetentziaren aurrean, erantzukizunak argitzea exijitzen dugu. Ez da posible jasotzen dugun bakarra inposizio eta mehatxuak izatea. Langileok arazo hau konpondu nahi dugu eta gure gidatze-lanean buru-belarri murgildu.

Gatazka honek konponbide erraza dauka, erreserben itzulerak 13 eta 14 txandetara pasatzea, txanda mistoak ezabatzea eta txandek sei itzuli baino gehiago izatea. Horrela paroak bertan behera geratuko dira. »
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.