2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaNegoziazio mahaia deituko dugu etxeko langileen EAEko lehen hitzarmena osatzeko

Negoziazio mahaia deituko dugu etxeko langileen EAEko lehen hitzarmena osatzeko

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da martxoak 30. Data honen harira, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta hainbat etxeko langilek agerraldia egin dute, aipatutako sektoretako hitzarmenaren borrokan emango ditugun pauso berriak aurkezteko; hala nola, etxeko langileen lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzera deituko dugula iragartzeko.

Hain zuzen ere, etxeko langileak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorretik kanpo daudelako, eskubide gutxiagoko erregimen berezi batean daude, lan-osasunerako edo langabeziarako eskubiderik gabe. Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe daude, hortaz; langile gisa dituzten eskubideen defentsa kolektiborako eskubiderik gabe. Orain badirudi Espainiako Gobernuak langabeziarako eskubidea arautuko duela nolabait, langile horiek gainerako langileekiko jasaten duten diskriminazioarekin amaitzeko, baina ez du bere ekimenez egngo, baizik eta Europako Justizia Auzitegiaren epai baten ondorioz.

Garbiñe Aranburuk azaldu bezala, “LAB langile guztien zerbitzurako tresna erabilgarria izatea helburu duen sindikatua da. Horretarako, kolektibo bakoitzaren errealitateari erantzun egokia emateko gai izan behar dugu, eta ikusten dugu klase sindikalismoarentzat gainditu gabeko ikasgaia zela langile horien eskubideen defentsa. Jendartearen zaintza-behar asko betetzen dituzten langileak dira”.

Sektore horietan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia dago, kalteberatasun handiagoa duten kolektiboena: “Ikusi genuen haien arazoetara hurbildu behar genuela, entzun egin behar genituela, haien beharrak jaso eta haiengandik ikasi behar genuela. Bi urte daramatzagu lanean, eta, horrela, batzarrez batzar, etxeko langile asko hurbildu dira LABera, eta sindikatuan afiliatu dira. Guztion artean ikasi dugu zer-nolako garrantzia duen antolaketa kolektiboak eta borrokak eskubideetan aurrera egin ahal izateko”.

Hala, gaur, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunarekin bat, beste pauso bat emango dugula iragartzeko agerraldia egin dugu. “Etxeko langileen LABen atal sindikala osatu dugu. Langile horien antolaketan beste urrats bat da honako hau, etxeko emakume langileen sare bat osatzeko modu bat da, ahalduntze kolektiborako oso garrantzitsua dena, informazioa eta esperientziak partekatzeko, ekintza sindikala kolektibo horren errealitate espezifikoen arabera hobeto prestatu ahal izateko”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

Eta atal sindikala sortuta, jauzi horrek esan nahi du langile horiek sindikatuan bertan beste entitate bat izatera pasatzen direla. Hori bai, atal sindikal hau ez da hutsetik abiatzen eta langile hauen aldarrikapenei bultzada bat eman nahi die.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “jendarte gisa ezin dugu onartu langile horiekiko dauden eskubideak urratzea. Etxeko langileen egoera erregularizatu behar da, eta LABek langile horien egoera erregularizatu eta duinduko duen hitzarmen kolektibo duin bat lortzeko lanean jarraituko dugu”.

Confebask, mahaiaren beste aldean

Lehen hitzarmena negoziatzeko aldarrikapen-plataforma bat egin dugu, etxeko langileekin lan egiten duten hainbat elkartek egindako topaketen eta jasotako ekarpenen emaitza. Laster, EAEko etxeko langileen lehen hitzarmenerako negoziazio-mahaia osatzera deituko dugu. Aurrerago, Nafarroan urrats hori emateko aukera planteatuko dugu.

Bide honetan, gainerako sindikatuekin harremanetan jarri gara, eta inork ez du horrelako hitzarmen baten aurkako jarrerarik hartu. Muturreko prekaritatearen eta langile horien eskubiderik ezaren egoera soziolaborala kezka iturri dira sindikatu guztientzat, eta uste dugu garaia dela langile horiek eskubideetan aurrera egin dezaten ahaleginak areagotzeko.

Patronalaren aldetik, Confebask da legitimatuta dagoena horrelako hitzarmen bat negoziatzeko, eta horregatik joko dugu patronal honengana mahaia osatzeko eta etxeko langileentzako lehen hitzarmenaren negoziazioari heltzeko exijitzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritza eta Enplegu Saila interpelatu ditugu agerraldian, hitzarmen hau egitearen aldeko konpromiso politiko eta instituzionala erakuts dezaten eta negoziazioaren balizko blokeoaren aurrean jarrera axolagabea izan ez dezaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.